AKTUALITATEA


| 2020-04-29 13:53:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak urgentziazko mozioa aurkeztu du, bihar, apirilaren 30ean, egingo den Osoko Bilkuran eztabaidatzeko. Horretan, Aholku Batzorde bat sortzeko eskatzen dio udal-gobernuko taldeari, Bilborako deseskalada plan espezifiko bat diseinatu, eztabaidatu eta adosteko. COVID-19ak sortutako osasun krisi egoera dela eta, Bilbon deseskalada gauzatzeko hartu beharreko neurri zehatzak jasotzea izango litzateke plan horren helburua.

Aipatutako aholku-batzordean, besteak beste, honako hauek egotea proposatzen du EH Bildu Bilbok: Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak, Udaleko arlo guztiak, Bilboko merkatarien elkarteak, auzo-elkarteak, enpresa-elkarteak, sindikatuak, gizarte-eragileak eta zientzialariak, bai eta Aholku Batzordeak egin ditzakeen lanen eta eginkizunen arabera batu daitezkeen eragileak ere.

Koronabirusaren intzidentzia-tasa handiena duen euskal hirietako bat Bilbo dela eta Bilboko Alde Zaharra dela gehien kaltetutako guneetako bat dela gogoratu ondoren, Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilboko bozeramaleak, adierazi du  “agerikoa dela udalerri bakoitzak ezaugarri eta baldintza desberdinak dituela, eta berezitasun horiek kontuan hartu behar direla deseskalatzeko neurriak diseinatzerakoan”.

“Deskonfinamenduaz hitz egiten hasi garen honetan, uste dugu neurriak hartzeko garaia dela, Bilbon hartu beharreko neurriak zehaztuko dituen plan espezifiko bat diseinatzeko ordua dela, deseskalada ahalik eta ondoen gauzatu ahal izateko, hiriaren eta hiritarren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta eta osasuna bermatzeko helburuarekin”, azpimarratu du

Horretarako, Goirizelaiak esan duenez, EH Bildu Bilbok “beharrezkotzat” jotzen du aholku batzorde bat sortzea, “hiriko sektore politiko, ekonomiko, sozial, kultural, sindikal, auzotar eta zientifiko guztien ordezkaritzarekin, guztion artean plan eraginkor bat diseinatzeko, egoera berri honi ahalik eta ondoen aurre egiten laguntzeko”.

"Egun bizi dugun momentua kontuan hartuta, beharrezkoa da premiaz kontseilu honen sorkuntza Osoko Bilkuran eztabaidatzea, espero dugu gobernu-taldeak gure ekimenaren premia onartzea eta horri buruz eztabaidatu ahal izatea, gure hirian deseskalada plana zehazteko kontseilua sortzea onartu eta lehenbailehen eratu dadin", nabarmendu du.