AKTUALITATEA


| 2019-07-24 15:51:00

Jone Goirizelaiak, EH BILDU Bilboko udal taldearen bozeramaleak, Bilboko Udalari eskatu dio Bilbao Kirolak-eko lan gatazkari irtenbidea emateko, alde batetik, langileen lan baldintza duinak bermatzeko eta, bestetik, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko. Horrela, Itxaso Errotetari, Gazteria eta Kirol saileko zinegotziari, alde guztiekin, langileen ordezkariak eta patronala, osatutako mahaia eratzea eskatu dio eta EH Bildu Bilbo bideratzaile lanak egitera eskaini da.

Goirizelaiak adierazpen horiek Rotetak egindako agerraldian egin ditu. Agerraldia EH Bildu Bilbok eskatutakoa izan da Bizkaian izaten ari diren eta Bilboko kiroldegiei zuzenean eragiten dieten kirol zelai eta lokalen greba eta lanuzteen harira hartuko diren neurrien azalpenak eman ditzan.

Ildo horretan, adierazi duenez, “atzo 40 gradu izan genituen Bilbon eta igerilekuetara joateko aukerarik ez, Bilbao Kirolak-eko langileak grebak eta lan-uzteak egiten ari direlako lan baldintza duinak eskatzeko”. “Oso ondo dago argazkiak ateratzea kiroldegi berrien inaugurazioan, baina beharrezkoa da kiroldegi guztietan kalitatezko zerbitzuak eskaintzea eta horretarako ezinbestekoa da langileen lan baldintza duinak bermatzea”, adierazi du.

Egoera horren aurrean, esan duenez, “Errotetak dio Udalak aldeei eskatu diola gatazkari irtenbidea emateko, baina zer eskatu die? Langileekin egon da edo soilik patronalarekin?”, galdetu dio Rotetari.

Goirizelaiak EH Bilduk langileekin hainbat bilera izan dituela gogoratu du eta euren aldarrikapenak jakinarazi dizkio Errotetari: “ratio hobeak eta soldata duinak, lanaldi osoan 1.200 eurora ere ez baitira heltzen eta gainera langileek ez dituzte lanaldi osoak. Egoera horretan, ez ohiko orduak osagarri bezala ordaintzen dira, langileek bere erropak erosi behar dituzte, pertsonal falta…”.

EH Bilduren bozeramaleak argitu duenez, langileen helburua “ez da, inondik inora erabiltzaileei kalterik egitea, soilik zerbitzua hobetzea nahi dute; baina 18 hilabete negoziazioetan egon ondoren eta 30 urte hitzarmen kolektibo iraingarriekin nekatuta daude egoerarekin”.

Egoera horretan, “zer egingo du Udalak? Zeozer egingo du edo, ostruka bezala, burua izkutatzen jarraituko du, bera denean egoera honen erantzule nagusia, zerbitzu publikoa den heinean”, galdetu du.

Goirizelaiaren esanetan, EH Bilduk “zuzeneko kudeaketaren” aldeko apustua egiten du, baina azpikontratazioek jarraitzen duten bitartean, EH Bildu Bilbok “bideratzaile” moduan eskaintzen du bere burua eta Udalari alde guztiekin osatutako mahaia deitzeko eskatu dio. “Nahiz eta Udalak beste alde batera begiratu nahi duen, kiroldegiak bere eskumena dira,  enpresak azpikontratatzeak ez dio ardurarik kentzen”, nabarmendu du.