Asier Gonzalezek, EH Bilduko Bilboko zinegotziak, Bilboko Udalari eskatu dio “auzo-poliziaren eredua defendatzeko Udaltzaingoaren enplegu eskaintza publikoa egiten duenean”. Ildo horretan, gogoratu duenez, “Euskal Herria Bilduk Bilboko Herritarren Segurtasunerako ituna sinatu zuen 2018an, oinarrian auzo-poliziaren eredua defendatzen duelako: herritarrengandik hurbila, auzoetan deszentralizatua eta prebentzioan trebatua, besteak beste”. “Uste dugu hiritarren eskubideak defendatuko duen eredu honen alde egin behar dela”, azpimarratu du.
EH Bilduko zinegotziak adierazpen horiek Amaia Arregik Herritarren Segurtasuneko Saileko zinegotziak egindako agerraldian egin ditu. Agerraldiaren helburua izan da Auzitegi Gorenaren epaia ikusita, bitartekotasun egoeran dauden udaltzainen egoeraz eta epai horrek segurtasunaren itunean duen eraginaz informazioa ematea.
Bertan, Gonzalezek kritikatu duenez, “egun daukagun eredua ez da herritarrengandik hurbila eta auzokoa”. Ildo horretan, hainbat gabezia aipatu ditu, besteak beste, “herritarrek ezin dutela ohiko salaketak egin hainbat komisaldegietan”.
EH Bilduren zinegotziaren ustez, “kontua ez da zenbat udaltzaingo dauden, baizik eta ze paper izango duten hiritar guztien mesederako”. “Enplegu eskaintza publikoa aukera bat da auzo-poliziaren eredua edo, aldiz, errepresio eredua defendatzeko. EH Bildu Bilbok lan egingo du auzo-polizia ereduaren alde, beharrezkoak diren neurri guztiak bultzatuz”, azpimarratu du.