AKTUALITATEA


| 2020-05-12 10:51:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak "bere ardurak bere gain hartzeko" eta "prebentzio lana eta lan pedagogikoa" egiteko eskatu dio Udal Gobernuari, "atzo gertatutakoa saihesteko, ireki zuten hainbat Bilboko ostalaritza establezimenduen terrazatan eta inguruetan jende pilaketak izan baitziren".

EH Bildu Bilbok azaldu duenez, ostalaritza sektorea "COVID 19ren krisiaren ondorioak zuzenean pairatzen ari da, eta oso gaizki pasatzen ari da". "Atzo ostalari batzuek terrazak irekitzea erabaki zuten, beste batzuek, ordea, ezin izan zuten, edo ez zuten komenigarritzat jo, konpentsatzen ez dietelako. Hala ere, ireki zutenetako batzuek, erantzukizunagatik, euren lokalak ixtea erabaki zuten arratsaldean, egoerak gainezka egin zuelako, besteak beste, jendearen pilaketak eman zirelako, horrek egungo egoeran dakarren arriskuarekin".

Egoera horren aurrean, EH Bilduk esan duenez, Bilboko Udal Gobernuak "irtenbide gisa soilik proposatzen digu izuna, eta horrek epe laburrean arazoa konpon dezakeen arren, epe ertain-luzera ez du konponduko". Bilboko hainbat tabernetako terrazatan atzo gertatutakoa saihesteko, bere ustez, "ezinbestekoa da Udal Gobernuak lan pedagogikoa eta prebentzio lana egiteko baliabideak ezartzea".

"Udal Gobernuak bere erantzukizunak onartu eta, zigorretatik haratago, konponbideak mahai gainean jarri behar ditu, bilbotar guztion osasuna arriskuan jartzen duten egoerak saihesteko", nabarmendu du.