AKTUALITATEA


| 2020-03-30 14:44:00

Osasun krisia sortu zenetik, hainbat izan dira bere bizilagunak laguntzeko prest agertu diren pertsonak. Horrela, elkartasun sareak sortu dira Bilboko auzo ezberdinetan. Ondokoei babesa eta laguntza emateko sare horiek egiten duten lana goraipatu du EH Bildu Bilbo Udal taldeak eta Bilboko Udal Gobernuari elkartasun sare horiek aintzat hartzea eta horiekin harreman zuzena ezartzea eskatu dio, auzo batzuetan jada oinarrizko gizarte zerbitzuetatik egiten ari diren moduan. 

Ildo horretan, EH Bildu Bilbo Udal taldeak zehaztu duenez, elkartasun sare hauetan lan egiten ari diren pertsonek behin baino gehiagotan arazoak izan dituzte kaleetan euren presentzia justifikatzeko. “Horregatik, udal gobernuari behin eta berriz eskatu diogu elkartasun sareetako ordezkariekin harremanetan jartzeko, horrelako egoerak saihesteko xedearekin. Ezinbestekoa da boluntario lanak egiten ari diren pertsonek euren zeregina bete ahal izateko oztoporik ez izatea, eta horretarako Udal Gobernuak ibiltzeko baimenak eskaini behar dizkie”, adierazi du EH Bildu Bilbok. 

Udal taldeak gogoratu duenez, elkartasun sareek une honetan bizilagun askoren bizitzetarako berebizikoak diren lanak egiten dituztela gogoratu du: Arrisku taldeko pertsonei erosketetan,  errekaduetan, maskoten zaintzan, osasun zentrora lagunduz edota zakarra jaisten lagunduz; familiei haurren zaintzan lagunduz; ingresurik gabe gelditu direnei  laguntza emanez; edota langileei babesa eta informazio legala emanez, besteak beste. “Osasun krisi honek pertsona eta familia askotan sortu dituen beharrizanei berehalako erantzuna ematen ari dira elkartasun sareetako kideak. Euren lana ezinbestekoa da egoera honetan eta Udal Gobernuak, beharrezkoak diren baliabide guztiak eskaini behar ditu euren zeregina errazteko”, esan du. 

EH Bildu Bilbok jakinarazi duenez, egoera “surrealista” bat ematen ari da; izan ere, “Udal Gobernuak ez ditu aitortzen 1.200 pertsona baino gehiagok osatzen dituzten elkartasun sareak, baina, era berean, herritarren beharrak asetzeko erabiltzen ditu, eraginkorrenak direlako”. Hortaz, Udal Gobernuari eskatzen diogu behingoz sareen aitorpena egin dezala eta eurekin lan harreman zuzena ezar dezala. “Ezinbestekoa da”, azpimarratu du. 

Azkenez, elkartasun sareetan lan egiten ari diren pertsona guztiei eskerrak eman dizkie EH Bildu Bilbok, “bilbotarrei laguntzeko egiten ari diren lana berebizikoa da eta erakusten ari diren erantzukizuna eta elkartasuna txalogarriak dira” . “Guretzat eredu bat zarete. Eskerrik asko eta animo. Elkarri lagunduz osatuko gara, herri gisa ere bai”, azpimarratu du EH Bildu Bilbok.