AKTUALITATEA


| 2026-06-22 10:34:00

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, Euskal Trenbide Sarearen arduraduna den aldetik, Txorierriko EuskoTrenen 3. Lineako geltoki batetik Loiuko aireportura lanzadera bus-zerbitzua emateko bideragarritasun azterlana egin dezala,  udalen parte-hartzearekin. Azterlana bideragarria bada, zerbitzu hori legegintzaldi hau amaitu baino lehen, hau da, 2028a baino lehen, martxan jartzea proposatu du alderdi soberanistak.

Eusko Legebiltzarrean egindako legez besteko proposamen baten bidez eta Bilboko Udalean datorren Osoko Bilkuran eztabaidatzeko erregistratutako proposamen baten bidez egin du eskaera EH Bilduk. Horren berri eman dute gaur Amancay Villalbak, EH Bilduko legebiltzarkideak, eta Karlos Renedok, Bilboko Udaleko zinegotziak.

Renedok adierazi duenez, gaur egun, garraio publikoaren eta Loiuko aireportuaren arteko konexioa "oso urria da bizkaitar eta bilbotar askoren beharrei erantzuna emateko, eta, ondorioz, joan-etorria ibilgailu pribatuan egin behar dute askotan”. “Horrek egun aireportura iristeko dagoen garraio publikoa indartzeko beharra agerian jartzen du", adierazi du.

Horren harira, gogorarazi duenez, “aski ezagunak dira Bilbo eta aireportua lotzen dituen Bizkaibuseko A3247 linean sortzen diren arazoak, ohikoak baitira bidaiarien pilaketak”. “Geltoki jakin batzuetan, aforoa bete denez, bidaiariak ezin dira autobusera igo, geltokian bertan gelditu behar dira, horrek suposatzen duenarekin”, gaineratu du. 

Zerbitzu hori indartzeko beharra azpimarratzearekin batera, Villalbak azaldu du  Euskotrenen 3. linea Loiuko aireportutik oso gertu dagoela; are gehiago, geralekuren batetik, errepidetik joanda, bost minutu besterik ez daude.

Beraz, adierazi duenez, autobus-anezka batek “erraz konekta ditzake trenaren geltokia eta aireportua, eta milaka bizkaitarrentzako zuzeneko konexioa zabaldu”; izan ere, linea horrek, Bilboko auzo askori zerbitzua emateaz gain, Bizkaiko hiriburuaren ekialdeko hainbat eskualdetan (Busturialdean edo Durangaldean, esaterako) garraio publikoaren bidez sarbidea erraztuko luke”. “Azken batean, E3 eta E4 lineak aireportuarekin zuzenean lotuko lituzke”, esan du.

Gainera, Villalbak zehaztu duenez, "ez da esperimentu bat"; izan ere, anezka-sistema hori aspaldidanik erabiltzen da Usansoloko tren-geltokian Galdakaoko ospitalera joateko, hain zuzen ere, hori L5 martxan jartzean desagertuko da.

Txorierrin bertan dagoen beste anezka ere aipatu du, Zamudiotik parke teknologikoraino zerbitzua ematen duena. Azaldu duenez, anezka hori Euskotrenetik datozen pertsonek bakarrik erabil dezakete, eta horixe da, hain zuzen ere, EH Bilduk planteatzen duena aireporturako autobus anezka ezartzekotan, "dagokion udalerria disuasio-aparkaleku bihurtzea saihestuz".

3. linea

Bestalde, Renedok azaldu duenez, 3. linearen erabiltzaileek, Bilboren kasuan, Matiko, Uribarri, Alde Zaharra, Zurbaranbarri, Txurdinaga eta Otxarkoaga auzoetako milaka bizilagunek "zuzeneko lotura izango lukete aireportuarekin, Termibuseraino joan beharrik izan gabe Bizkaibusa hartzeko". Adibide gisa, adierazi du Matikoko geltokiko geltokitik 25 minutu barru irits daitezkeela aireportura. "Gainera, hori 15 minutuko maiztasunarekin lor liteke", gaineratu du.

 

"Zerbitzu horrek aireportura iristea errazteaz gain, Bizkaibusen egungo zerbitzua arintzen ere lagunduko luke, eta garraio-modua dibertsifikatuko luke, trenbide-sarea barneratuz", adierazi du. "Dibertsifikazio horrek abantaila handiak eskaintzen ditu, adibidez, bide-azpiegituretan egin daitezkeen obren aurrean, jakina, Bizkaibusen zerbitzuan eragina dute, batez ere denborei dagokienez".

Azkenik, EH Bilduko ordezkariek adierazi dutenez, euren proposamena "alternatiba bideragarria eta praktikoa da, eta mugikortasun jasangarriari laguntzen dio, Loiuko aireporturako garraio publikoa indartzen duen heinean". Beraz, Eusko Legebiltzarrean eta Bilboko Udalean akordioak lortzea espero dute. 

Bilbao, 2026ko ekainaren 22an