Abusu auzoan osasun zentro bat eta nagusientzako etxebizitza komunitarioak egiteko proiektua aurkeztu du gaur EH Bilduk, bizilagunen beharrizanei erantzuna emateko. Horrela adierazi dute gaur Maria Del Riok, EH Bildu Bilbo udal taldeko bozeramaileak, eta, Maite Ibarrak, Arrigorriagako alkateak, ekimenaren aurkezpenean.
Ildo horretan, azaldu dutenez, proiektu horrekin, EH Bilduk "auzoaren aldarrikapen nagusietako bati erantzun nahi dio, bizilagunak aspalditik osasun zentro barri baten alde ari baitira mobilizatzen". Del Rio eta Ibarraren arabera, aldarrikapen hori "Abusu osoak partekatzen du, Bilboren eremua zein Arrigorriagarena izan”.
Horregatik guztiagatik, Del Riok azaldu duenez, irailean eztabaidatuko den mozio baten bidez, alderdi subiranistak eskatu du Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak "beharrezko urratsak eman ditzatela izaera integraleko osasun-zentro bat sortzeko, ekosistema soziosanitario bat sortzeko, alegia, eraikina adinekoentzako bizitegi-zerbitzuekin osatuz, etxebizitza komunitarioen bidez.
EH Bilduk proiektu hori Bilboko Udalarena den Lekanda kaleko ekipamendu-partzelan egitea proposatzen du. Hori dela eta, Udal Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die beharrezko elkarrizketak izan ditzatela eta koordinatu daitezela zonalderako hain beharrezkoa den proiektu hau gauzatu ahal izateko.
Egungo zentroa zaharkituta
Del Riok azaldu duenez, "agerikoa" da gaur egungo osasun-zentroa, "zaharkituta geratu dela". Hau 1998an ireki zen, gutxi gorabehera 408,294 metro koadroko azaleran.
Horrela, esan duenez, EH Bilduk aurkeztutako proiektuak egun dauden "11.000 pertsona baino gehiagoren beharrei erantzutea du helburu, 3.425 Arrigorriagakoak eta 7.642 Abusukoak”. Gainera biztanleria hurrengo urteetan hasi egingo dela gogorarazi du Del Riok, aurreikusitako etxebizitza sustapen berriak kontuan hartuta". "Biztanleriaren zahartzea eta horrek dakartzan beharrak dira baita ere gure ekimenaren bidez landuko liratekeen beste gaietako bat", gaineratu du Del Riok.
Ezaugarriei dagokienez, EH Bilduk osasun zentro irisgarri bat proposatzen du, beheko solairua eta beste 3 solairurekin, osasun zein etxebizitza komunitarioetarako erabilera izango duena. Goiko solairuetan etxebizitza komunitarioak kokatuko lirateke, terraza zein lorategiz hornitutako kanpo-espazioekin. Guztira 4.734 metro koadro inguruko azalera izango luke.
Osasun Zentroa alboko hiri-parke bat integratua egongo litzatekeela gaineratu du, egun dauden landareak kontserbatuz eta inguruko naturarekiko trantsizio atsegina sortuz. Era berean, oinezkoentzako ibilbide irisgarriak, egonguneak eta berdeguneak sortzea proposatzen du alderdi soberanistak, eserleku eta atsedenlekuekin.
Horrez gain, lur gaineko aparkalekuak jartzea aurreikusten du, mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako MMP plazak barne. Baita eraikinerako sarbideak erabat egokituta egokituta egotea ere, aldapa leuneko arrapalen eta oztopo arkitektonikorik gabeko ibilbideen bidez.
Auzokideekin bizikidetza
Del Rio eta Ibarraren ustez, proiektu hau “funtsezkoa” izan behar da auzoarentzat. Gauzak horrela, auzokideen bizikidetza eta osasun zentroko erabiltzaileen eta egoiliarren ongizatea sustatzeko pentsatutako paisaia-diseinua proposatzen dute. “Azken finean, auzoa dinamizatuko duen proiektu bat, zerbitzu soziosanitarioekin batera”, nabarmendu dute.
Bere aldetik, Ibarrak auzoak partekatzen dituzten udalerriek dituzten erronkak aipatu ditu, horren adibide moduan Abusurako aurkeztutako osasun-zentro eta zerbitzu soziosanitarioak sortzeko aurkeztutako proiektua aipatuz.
Bere esanetan, mugaren bi aldeetako herritarrek, “zalantzarik gabe, zerbitzuen dimentsionamendua behar dute (anbulatorioa, udal etxebizitzak, eguneko zentroak, langileak...)”. Ildo horretan, zehaztu duenez, “kontuan izan behar da Arrigorriagako anbulatorioa hemendik ordubete baino gehiagora dagoela oinez, horrek suposatzen duenarekin, batez ere osasun-zentro batez ari garenean”.
Beraz, Maite Ibarrak aurkeztutako proiektuari bere “babesa” adierazi dio eta konpromisoa hartu du “Arrigorriagatik gure esku dagoen guztia egiteko gauzatu ahal izateko”. “Borondate politikoarekin posible da. Horren adibidea da Arrigorriagan egingo den osasun zentro berria, Eusko Jaurlaritzaren Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen 2025-2032 Programan aurreikusitakoa, Arrigorriagako Udalak lursaila Eusko Jaurlaritzaren esku utzi ondoren. Hortaz espero dugu kasu honetan ere horrela izatea Abusu auzoko bizilagunen onurarako”, adierazi du.