AKTUALITATEA


| 2019-09-20 12:44:00

Europako Mugikortasun Astean murgilduta gaudela, Udal Gobernua Bilboren irudi perfektua saltzen ari da mugikortasunaren inguruan. Egoera horren aurrean, EH Bilduk Bilbon mugikortasun jasangarria eta eraginkorra lortzeko oraindik egiteko asko daudela adierazi nahi dugu.

Premia horietako bat da Bizkaiko operadore guztietan txartel bakarra ezartzea. Horri buruz inork ez du hitz egin Mugikortasunaren Aste honetan eta, gure ustez, funtsezkoa da lurralde osoan garraio publikoaren erabilera sustatzeko.

Edozein kasutan, EH Bildu Bilbok gogoratu nahi du txartel bakarra ezartzeko, lehenengo ezinbestekoa dela tarifa bateratua ezartzea. Izan ere, ez du inolako logikarik Bilbon ohiko desplazamendu batek, esate baterako, San Mames eta Abando artekoa, lau prezio ezberdin izatea erabiltzen den garraio publiko motaren arabera.

Hurrengo taulan egungo prezioak surrealistak direla ikus genezake, eta tarifa bateratu bat ez izateak bilbotarrontzat gainkostu bat dela argi adierazten du:

IBILBIDEA:  SAN MAMES (TERMIBUS) – ABANDO

(bidaia zuzena)

 

GARRAIO MOTA

PREZIOA (Barik)

Ibilbidearen iraupena

BILBOBUS (linea desberdinak)

0,66 €

12/15 min

TRANBIA

0,73 €

15 min

METRO (L1/L2)

0,91€

10 min

RENFE

1,06 €

7 min

FEVE (Basurtu- Concordia)

1,06 €

10 min

 

 

Baina ez hori bakarrik; izan ere, bi tokiren arteko ibilbide bat egiteko garraio bat baino gehiago erabili behar baduzu, garraio-aldatzeak berriro ere bidaia garestitzen du.  

 

Adibide bezala, San Mames eta Otxarkoaga arteko bidaia jarriko dugu:

IBILBIDEA:  SAN MAMES (TERMIBUS) – OTXARKOAGA

(bidaia konbinatua)

 

Garrraio mota

PREZIOA (Barik)

Ibilbidearen iraupena

LINEA 38 BILBOBUS

0,66 €

30 min

METRO (L1/L2  > L3)

0,91€

28 min

TRANBIA +METRO L3

0,73 + 0,91 – (0,33) = 1,31 €

36 min

RENFE + BUS

1,06 + 0,66 (-0,34) = 1,38 €

35 min

RENFE + METRO L3

1,06 + 0,91 (– 0,39) = 1,58 €

33 min

 

Hortaz, EH Bildu Bilbok tarifa bateratuaz gain, garraio-aldatzeak dohain izatea ere aldarrikatzen dugu, Mugikortasun Aste honetan eta urte guztian zehar ere bai, garraio publikoa sustatzeko, ibilgailu pribatuaren erabilera saihesteko eta mugikortasun jasangarriaren aldeko pausoak emateko funtsezkoa baita.

Laburbilduz, EH Bildu Bilborentzat tarifa bateratua ezartzea ezinbestekoa da garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta txartel bakarraren ezaugarriak honakoak izan beharko dira:   

  • Bidaiaren prezioa jatorriaren eta helmugaren arabera.
  • Prezio berdina desplazamendu berdina denean, garraio publiko mota edozein izanda ere.
  • Bizkaia guztiarentzat tarifa homogeneoak ibilbidearen, bidaia kopurua (progresibotasuna) eta errentei lotuta.
  • Operadoreen arteko osaketa.

Hemen aipatutako taulek argi uzten dute zergatik herritar askok ez dute nahi garraio publikoa trukatzea, ordaintzeko prest ez dauden gainprezio bat ordaindu behar dutelako. Hori, argi eta garbi, garraio publikoaren kalterako da.

Bartzelonan, hiritik ibilgailuak ateratzeko eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko Mugikortasun plangintza egin ondoren, garraio publikoaren erabilera soilik handitu zen tarifa bateratua ezarri zenean. Bilbon oraindik urrun gaude! EH Bildu Bilbok lan egingo du erronka hori lortzeko.