AKTUALITATEA


| 2021-11-22 15:16:00

Bilboko EH Bildu udal taldeak osoko zuzenketa aurkeztu die Udal Gobernuaren aurrekontuei, kontuak “ez direlako berreskurapenerako tresna bat, hiri eredu zaharra sendotzen dutelako, zerbitzu publikoak ezabatzen dituztelako, pandemia aurreko proiektu berdinen alde egiten dutelako eta ez dutelako apustu handinahirik egiten etxebizitza eta gizarte arloan ditugun erronkei aurre egiteko, adibidez”. “Gobernu taldeak aurrekontuaren bidez proposatzen duen hiri eredua EH Bilduk defendatzen duenaren kontrakoa da”, nabarmendu du Jone Goirizelaia EH Bilduko bozeramaileak.

Ildo horretan, azaldu duenez, udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuak aurreko urtekoaren aldean % 8ko igoera dakarren arren, “ez du arlokako igoera proportzionalik jasotzen; izan ere, hiriko desberdintasunei aurre egiteko eta susperraldi sozioekonomikoa sustatzeko errefortzu handiena behar duten sailak ez dira behar adina handitzen”. “Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoen Saila % 30 baino gehiago hazten den bitartean, Etxebizitza Sailak % 0,90eko igoera tristea du, Gizarte Ekintzak % 3,48koa eta Berdintasun Sailak % 2,32koa”, zehaztu du.

Bilbon langabeziaren eta pobreziaren inguruko datu kezkagarriak aipatu  ondoren, Goirizelaiak une honetan Bilbao Aurrera Plan berri bat planteatzea pandemiaren ondorioei aurre egiteko, “ez duela zentzurik" esan du. “Bilbao Aurrera plana premiazko beharrizanei aurre egiteko adostu zen, aurreikusi ezin zen egoera baten ondorioz. Baina gaur egun pandemiak eta bere ondorioek ez gaituzte inor ezustean harrapatzen, eta horiei aurre egiteko tresna udal aurrekontua da”, nabarmendu du.

Hori dela eta, adierazi duenez, EH Bilduk udal aurrekontua “susperraldirako tresna izatea proposatzen du”, eta horretarako, besteak beste, “enplegua sortzera, zerbitzu publikoak indartzera, larrialdi klimatikoari aurre egitera, babes soziala areagotzera, euskalduntzean aurrera egitera, berdintasunaren aldeko apustua egitera, mugikortasun iraunkorrerantz aurrera egitera eta etxebizitza eskubidea defendatzera bideratutako aurrekontu partida ausartak aurreikusi beharko lituzke”.

“Baina ez da horrela”, salatu du. Ildo horretan, azaldu duenez, adibidez, “Gizarte Ekintzako aurrekontua gastuen aurrekontu osoaren batez bestekoaren oso azpitik handitzen da, familiei ematen zaizkien zuzeneko laguntzak ez dira handitzen eta ez du egiturazko neurririk ezartzen Bilbon dauden etxerik gabeko 700 pertsonen egoerari erantzuteko”.

 

Etxebizitzaren arloan, Goirizelaiaren arabera, Udal Gobernuak berriro ere “Udal Etxebizitzekiko konpromisorik eza erakusten du, ez baitu inolako transferentziarik egiten, nahiz eta etxebizitzaren arazoa lehen mailakoa izan Bilbon”. “Hezkuntza Sailean ere ez da euro bakar bat ere handitu ez mantenimenduko partida, ez eta haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoetan egindako inbertsioena ere”, gaineratu du.

“Mugikortasunaren eta Jasangarritasunaren arloko partidak eskasak dira Bilboko Udalak SUMen adierazpena sinatu ondoren ezarritako helburuak lortzeko eta gure hiria mugikortasun eta ingurumen politika jasangarrietan aitzindari izan dadin lortzeko”, esan du.

Goirizelaiak adierazi duenez, aurrekontuek ere “ez dute benetako apusturik egiten Bilbo euskaldunagoa izateko eta  berdintasunaren aldeko pauso ausartak emateko; aldiz, turismoaren eta ekitaldi handien aldeko gehiegizko apustuari eusten diote, nahiz eta ekitaldi horien gabeziak agerian geratu diren”.

Zuzenketa partzialak

Goirizelaiak adierazi duenez, egoera horri buelta emateko eta egungo egoerari aurre egingo dion beste hiri-eredu bat defendatzeko, EH Bildu Bilbok 50 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, 17 milioi euro baino gehiagokoak, aurrekontua berreskurapenerako benetako tresna bihurtzeko asmoz.

Horrela, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du bere zuzenketen zati handi bat politika sozialak, etxebizitza politikak eta enplegua indartzeko dela, 7,5 milioi euroko balioarekin. Besteak beste,  honakoak proposatu ditu: Ametzolan zuzkidura-etxebizitzen bigarren fasea eraikitzera bideratutako partidak, oinarrizko gizarte-zerbitzuak indartzea, etxegabetasunari aurre egiteko azpiegiturak eta argiaren gastuei aurre egiteko laguntzak handitzea. Era berean, ekonomia bultzatzeko helburuarekin, tokiko merkataritza- eta kultura-sarea sustatzeko bonuak ere eskatu ditu zuzenketen bidez.

Era berean, EH Bilduk ia 3 milioi euroko zuzenketak aurkeztu ditu trantsizio ekologikoaren erronkan aurrera egiteko, besteak beste, bizikletaren erabileraren, energia berriztagarrien, hiri-espazioen naturalizazioaren, hiri-baratzeen eta elikadura-subiranotasuna sustatzeko proiektuen aldeko apustuari zuzendutako zuzenketekin.

Politika feministak ere alderdi sobiranistaren zuzenketen ardatz dira. Gobernu taldeak aurrekontu horietan mugimendu feministaren aldarrikapenak sartzeari uko egin dionez, EH Bilduk milioi bat euro eskatu ditu Koloretxe, Emakumeen Etxea martxan jartzeko. Halaber, indarkeria matxistako egoerei aurre egiten dieten emakumeei arreta emateko programak, pobreziaren feminizazioaren aurkako plan bat edo ikastetxeko patioak berdintasun-gune bihurtzeko plan bat proposatzen ditu, besteak beste.

Bestalde, Hezkuntza eta Gazteria arloak bultzatzea proposatzen du, bi milioi eurotik gorako zuzenketen bidez. Alde batetik, Bilboko eskola publikoen egoera duintzea eta azken urteotan IGEek jasan dituzten murrizketak gainditzea bilatzen du, eta, bestetik, Bilboko gazteen aisialdirako alternatiba osasungarriak bilatzea.

Bilboko auzoak dira EH Bilduren zuzenketen beste protagonistetako batzuk, besteak beste, hiriko proiektu estrategikoak auzoen egoera hobetzera bideratuta egotea eskatzen baitu, hirian dauden desberdintasunekin bukatzeko. Planteatutako zuzenketetako batzuk honako hauek dira: Basurtuko Luis Briñas kaleko urbanizazioa, Errekaldeko La Roseta 7ko fubol zelaia, Atxuriko eta Deustuko kiroldegiak handitzea eta Zorrotza eta Burtzeña arteko zubiaren espaloiak estaltzea.

Bilbo euskaldun eta inklusibo baterantz aurrera egitea dira EH Bilduk bere zuzenketa partzialak aurkeztean ezarri dituen beste helburuetako batzuk, migratzaileei arreta emateko bulego bat edo gazte migratzaileei euskara ikasteko programak sortzea barne.

“Zuzenketa hauekin EH Bilduk nahi du aurrekontua etxebizitza publikoetan inbertitzeko eta etxebizitza publikoak bere funtzio soziala berreskuratzeko tresna izatea; kalitatezko hezkuntza publikoan inbertitzeko; emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean inbertitzeko, emakumeak krisiaren kaltetu nagusiak izan ez daitezen berriro; kulturan eta mugikortasun iraunkorrean inbertitzeko. Kontu horiek Bilbo hiri osasungarriagoa eta ekologikoagoa, euskaldunagoa eta inklusiboagoa izateko tresna izan beharko lukete. Azken batean, pertsonak erdigunean jartzeko”, nabarmendu du.