AKTUALITATEA


| 2019-08-08 15:12:00

Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilboko bozeramaleak, gogoratu duenez, uztailean ‘Jaietan ere, emakumeok libre’ kanpaina abiarazi zuen EH Bilduk eta horren barne proposatutako neurriak martxan jartzea beharrezkoa dela gaineratu du.  Ildo horretan, gogoratu duenez, kanpainaren neurri bat da ezinbestekoa dela jai egitarauan mezu, irudi edo hizkuntza sexistarik ez erabiltzea.

Horrela, Bilboko Udalak C. Tangana jai egitarauan aurreikusteak emakume eta talde feministen artean eragin dituen kritikak  “ulertzen dituela eta bat egiten duela”, adierazi du, DJ horren “emakumeen kontrako mespretxuzko letra matxistengatik”. Horregatik, EH Bildu Bilboko bozeramaleak “begi onez” ikusi du Bilboko Udala C. Tangana jai egitarautik kentzeko lanean egotea.

“Hori ez da ez askatasun artistikoaren ez adierazpen askatasunaren kontra egotea; izan ere, emakumeak eta bere eskubideak errespetatzen diren gizarte bat nahi badugu, ezin dugu hizkuntza sexistarekin beteriko ekitaldiak ahalbideratu, zuzenean emakumeen eskubideen kontra doazelako” gaineratu du.

Goirizelaiak adierazpen hauek egin ditu  gaur, Aste Nagusiko Beatriz Sever Egaña pregoilariaren eta Itsasne Nuñez  txupineraren aurkezpenean egon ondoren.  “Bilboren eta Bilboko jaietako ordezkari bikainak izango diren bi emakume hauei zorionak eman dizkie bihotz bihotzez” EH Bildu Bilboko ordezkariak.  

Neurriak

Goirizelaiak adierazi duenez, “egiazko jai parekideak eraiki” behar ditugu; izan ere, “emakumeek eta gizonek ez dute askatasun eta behar berdinekin jokatzen jaietan eta jai eremuetan”. Ildo horretan, EH Bilduk ‘Jaietan ere emakumeok libre’ kanpainaren barne martxan jarritako neurriak gogoratu ditu eta martxan jartzeko beharra aldarrikatu du.  

Proposatutako neurrien artean honakoak aipatu ditu: jaietarako indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa, jaien aurretik autodefentsa feminista ikastaroak, eraso sexistei buruzko kontzientziazio kanpainak… Era berean, Goirizelaiaren esanetan, jaietan eta espazio ludikoetan  sortzen diren jardun, portaera, bizitzeko modu desberdinak, rolak… identifikatzea eta parekidetasuna lantzeko tailerrak zein espazioak aktibatzea ere “garrantzitsua” da.

Ildo horretan, azpimarratu duenez, ezinbestekoa da jai egitarauetan eta komunikazioko materialetan mezu, irudi edo hizkuntza sexistarik ez erabiltzea eta  gizonen eta emakumeen aniztasuna (adina, jatorria, sexu orientazioa, genero adierazpena...) ikusaraztea.

Indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak martxan jarri behar diren moduan, askatasun afektibo-sexualaren kontrako indarkeriari ere aurre egin behar diogula, LGTBIQ koleltiboekin elkarlanean, nabarmendu du Goirizelaiak, izan ere, “sistema heteropatriarkalean oinarrituta dauden indarkeriak dira biak”.

EH Bilduko ordezkariak gogoratu dutenez, “aipatutako neurriak eta beste batzuk proposatu genituen uztailean eta espero dugu martxan jartzea jai parekideak lortzeko helburuarekin”.