AKTUALITATEA


| 2019-10-11 12:56:00

Lehenik eta behin, Udaltzaingoari zorionak eman nahi dizkiogu 175. urteurrena betetzen duen honetan eta esan EH Bildu Bilboko kideok interes handiz ari garela parte hartzen atzo eta gaur antolatu dituzten jardunaldietan. Gertuko polizia edo polizia komunitarioarekin lotutako gaiak jorratzen ari dira eta beste hirietako esperientzien  berri izan dugu: Lisboako, Bartzelonako eta Londreseko kasu praktikoen berri.

Guk, gure aldetik, argi daukagu zer polizia eredu behar dugun, hurbila eta herritarra, eta horregatik sinatu genuen 2018an Bilboko Herritarren Segurtasunerako ituna, oinarrian auzo-poliziaren eredua defendatzen duelako eta marko egokia izan daitekeelako eredu horren alde bultzatzeko.

Uste dugu hiri honetan bizi garen guztion askatasun eta eskubide guztiak defendatuko dituen segurtasun eredua eraiki behar dela. Dirudienez, denok egiten dugu bat titular horrekin, baina letra txikia zehatz mehatz idaztea komeni da, gero errealitatea beste bide batzuetatik joan ez dadin.

Jardunaldietan agerian geratzen ari da paradigma aldaketa bat: herritarrentzat lan egin baino, herritarrekin batera lan egin behar du poliziak. Aldaketa horrek sistema osoa birpensatzera eraman behar gaitu: pertsuasioak, dialogoak, bizilagunekin bat lan egiteak neurri koertzitiboen gutxitzea ekar dezake eta hori denok nahi genuke.

Udaltzaingoak antolatutako jardunaldien izenburua ez da makala: “Herritarren parte-hartzea segurtasuneko politika publikoen lanketan eta horien ebaluazioan”. Egunotan mahai gainera ekarri  digute iraganeko kultura poliziala aldatu egin behar dela, eta horretarako beharrezkoa dela formazio handia eta egoeren diagnostikoak herritarrekin batera lantzea.

Ildo horretan, Lisboako adibidea oso positibotzat jo dugu. Azaldu digutenaren arabera, auzoetan segurtasun foroak sortu dituzte, bizilagunen parte hartze zuzenarekin eta hilero lan egiten dute. Lan talde horietan auzoko problematika ebaluatu, lehentasunak finkatu eta poliziaren profila bera ere kontsentsuz zehazten dute.

EH Bildu Udal Taldeak jardunaldi hauetan entzundakoa interes handiz jaso dugu eta ponenteekin bat egiten dugu: txipa aldatzea premiazkoa da. Apustua honakoa da: udaltzaingoak hiritarrekin bat lan egin behar du, eta ez soilki hiritarrentzat. Bilbon askatasunez eta eskubide guztien jabe bizitzea denon ardura da. Eta horretarako formazio handia beharko da gaurdanik, eta lan handia jendearekin eta elkarteekin batera.