AKTUALITATEA


| 2019-09-18 12:40:00

EH Bildu Bilbok Harro plataformak ‘Harro ez da euro pride, gure izenean ez!’ leloarekin, irailaren 21ean, zapatuan, deitutako manifestazioan parte hartuko du. Bruno Zubizarretak Bilboko zinegotziak adierazi duenez, EH Bildu Bilbok “behin eta berriz” salatu du Bilboko Udalak LGTBIQ+ kolektiboa “turismoa erakartzeko baliabide soilik moduan erabiltzen duela, iaz 60.000 eurotik gorako kostua izan zuen Bilbao Bizkaia Harro bezalako ekimenekin”.

“Gainera, orain pauso bat gehiago ematen du eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin, APAOren asanblada orokorra Bilbon izango da. Horren kostua 113.000 eurokoa izango da, horietatik 70.000 euro bilbotarrok eta bizkaitarrok ordaindutakoak”, gaineratu du Zubizarretak. Ildo horretan, azaldu duenez, asanblea horretan EuroPride hartuko duen hiria aukeratzen da, eta “EuroPride LGTBIQ+ kolektiboa merkantilizatzen duen ekimena da, gutxi batzuek etekin ekonomikoak lortzeko”.

Aldiz, adierazi duenez, EH Bildu Bilbok LGTBIQ+ kolektiboaren “benetako ahalduntzearen eta aniztasun sexuala sustatzearen eta lantzearen aldeko apustua” egiten du.  

LGTBI+ baliabideen udal gunea

Horregatik, “Bilbao Bizkaia Harro eredu merkantilistaren ordez”, EH Bildu Bilbok Bilboko Udal Gobernuari LGTBI+ baliabideen udal gunea sortzea eskatzeko mozioa aurkeztu du eta hori irailaren 26ko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da. Espazio horrek, zehaztu duenez, bereziki, bi lan ildo izango ditu: “batetik, informazio, babesa eta LGTBI+ ahalduntzea sustatzeko zerbitzua izatea; eta, bestetik, sexu-aniztasunarentzat harrera zerbitzua izatea”.

Horregatik, bere esanetan, “beharrezkoa” da “sexu-identitateagatik edota genero adierazpenagatik diskriminazio forma guztiak ezabatuko dituen eta arlo guztietan tratu berdintasuna eta aukera errealak bermatuko dituen gizarte baten alde aurrerapausoak ematea”. Hori lortzeko, Zubizarretak azpimarratu duenez, “ezinbestekoa” da “Bilbon sexu eta genero aniztasunari buruzko topaketa eta hausnarketa gunea sortzea, Iruñak eta Bartzelonak daukaten moduan”.

Azkenez, Zubizarretak adierazi duenez, “Bilbo LGTBI kolektiboarekiko diskriminazio eta biolentzia gabeko hiri askea, errespetuan oinarritutakoa, benetako berdintasun normalizatuarekin eta aurreiritzi gabekoa izatea nahi badugu, Udal Gobernuak aukera aparta du helburu horretan aurre egiteko”.