AKTUALITATEA


| 2020-04-21 13:35:00

Apirilaren 21ean eta 22an deitutako greba digitala babesten du EH Bildu Bilbo udal taldeak, izan ere, oso arduratuta dago kulturaren esparruan COVID-19aren egungo osasun krisiak eragiten eta eragingo dituen ondorio larriekin eta horiek arintzeko hainbat neurri mahaigaineratu zituen joan den astean, Bilboko Udal Gobernuari aurkeztutako erreskate sozialerako eta suspertze ekonomikorako proposamenaren barne.

Neurrien artean kultur agenda suspertzea proposatzen du eta horretarako Bilboko Udalak “erraztasunak ematea espazio publikoak eta oinarrizko azpiegiturak alokatzeko (egiturak, ekipoak, hesiak, etab.)”.

Era berean, programazioa eten behar izan den eremu publikoetan, agenda bigarren seihilekoan egokitzeko konpromisoa proposatzen du EH Bildu Bilbok. “Egokitzea ezinezkoa bada, 2021eko lehen seihilekora iragan, proiektu berriei bide eman aurretik”, gaineratzen du. 

Dagoeneko ezingo balitz jarduera egin, etendako jarduera ekoizteko egindako inbertsioa ordaintzeko konpromisoa eskatzen dio Bilboko Udal Gobernuari, aurre-gastu hori egiaztatuz. Era berean, halabeharrezko eteteak klausularik ordaintzera behartzen ez badu ere, Udalari konpromisoa eskatzen dio ezarritakoaren %30a aurreratzeko eta gainerako %70a jardueraren ondoren ordaintzeko

Horrez gain, euskarazko kultur ekoizpena bultzatzeko plan espezifikoa proposatzen du, beste produktu batzuen aldean desabantailan dagoen sektorea delako (zirkuitu txikiagoa du, aurrekontu txikiagoa...). Halaber, haurrentzako euskarazko jarduerak indartzea. 

EH Bildu Bilboren beste proposamen bat da auzoetako jai egutegia jai batzordeekin batera berrantolatzea. Auzoko merkatariek emandako diru-babesa murriztuko dela aurreikusita, honakoa proposatzen du: “Udalak jai batzordeen programazio ahalmena bultzatzea, bi tresnaren bidez, zuzeneko diru-laguntza handitzea eta barrutiko programatzaileekin lankidetza-hitzarmenak bultzatzea, programa indartzeko, hain zuzen ere”.

Era berean, 2020ko ekitaldiko udal-tasen murrizketa berezia planteatzen die izaera publikokoak ez diren liburu-dendei, kultura-establezimenduei, zinema-aretoei, sorkuntza-espazioei eta antzokiei, nahitaezko itxieraren konpentsazio gisa eta lehentasunezko interes publikoko jarduerak diren heinean.

EH Bildu Bilduk gogoratu duenez, kultur-jardueraren ontasunak alde askotarikoak dira: “aberastasun immateriala da, ze badu onura soziala, balio hezitzailea eta gure idiosinkrasiaren aldeko da; aberastasun ekonomikoa da, jarduera profesionala ere badelako berez; eta hirugarrenik, beste jarduera ekonomiko batzuen alde egiten duelako:  Bilboko taberna eta jatetxeak adibidez”.

“Ezinbestekoa da kultur esparruari laguntzeko neurriak aktibatzea”, azpimarratu du. Euskal Herriko 900 artista, eragile, sortzaile, proiektu kultural... #GrebaDigitala burutzen daude. “Jar ditzagun erdigunean. Ikus ditzagun desagertuko dira, entzun ditzagun isilduko dira”.