AKTUALITATEA


| 2024-10-04 08:44:00

EH Bildu udal taldeak hainbat zuzenketa aurkeztu dizkio 'Konpainiako Animalien Ongizatea Babesteko eta Modu Arduratsuan Edukitzeko Bilboko Udal Ordenantzari', Gobernu taldearen proposamena hobetzeko helburuarekin. Neurrien artean, katu komunitarioei eta  kolonietako katuei udaletik albaitaritza-arreta ematea  eskatzen du, Bilbon animalia guztien ongizatea ziurtatzeko. Horren harira, EH Bilduk bere zuzenketetan eskatzen du Animaliak Kontrolatzeko Udal Zentroak (CMCA) animalia abandonatuak, katu komunitarioak eta kolonietako katuak Etxeko Animalien Identifikazio Erregistroan (REGIA) sartzea, horiek identifikatzeko mikrotxipa erantsita.

"Orain arte, katu komunitarioen eta kolonietako katuen zaintzak eta albaitaritza-arretak eragindako gastuak boluntarioen eta elkarteen esku egon dira; izan ere, udal-arduradunek ez dute erantzukizun hori beren gain hartu, eta, beraz, EH Bilduk bere zuzenketekin egoera horri buelta eman nahi dio", azaldu du Angelica Orozco zinegotziak.

Ildo beretik, baimenik ez duten langileek katu-kolonia bat erasotzea edo eraistea arau-haustetzat hartzea eskatu du, horrek katuen osasuna eta bizitza arriskuan jar ditzakelako eta kolonia horiekin egiten den populazio kontrol-lanari eragiten diolako. Era berean, araudiaren puntu bat aldatzea proposatu du, elikatzaileen eta Udalaren arteko harremana eskubide eta betebeharren berme osoz gauzatzen dela bermatzeko. Horren barne daude erantzuteko epe zehatzak, erreklamazioak edota errekurtsoak aurkezteko epeak ere.

Igogailuak

Bestalde, EH Bilduk bere zuzenketetan igogailu publikoetan animaliarik ez duten pertsonek lehentasuna izateko eskubidea kentzea eskatzen du. Alderdi subiranistak puntu hori ezabatzea proposatzen du, erabiltzaile guztiek zerbitzu publikoetarako sarbide-berdintasuna izan dezaten; izan ere, Angelica Orozcoren ustez, "maskota ez dutenei igogailua erabiltzerako orduan lehentasuna emateak erabiltzaileen arteko errespetuzko bizikidetza baldintzatu dezake, eta, gainera, eragin negatiboa izan dezake igogailua animaliarekin erabiltzea benetan behar dutenengan".

Bestalde, EH Bilduk eskatu du arau-hauste larritzat har dadila pertsona edo erakunde erantzuleek konpainiako animaliak ez txertatzea; izan ere, txertoa ez jartzeak gaixotasunak hartzea ekar dezake, baita heriotza ere.

Azkenik, ordenantzaren debekuen atalean, proposatzen du debeku gisa sartzea "edozein armaz erasotzea edo tiro egitea, animaliei material piroteknikoa botatzea eta, oro har, animalien ongizatea eta bizitza arriskuan jar ditzakeen nahita egindako edozein jokabide". "Armak edo piroteknia erabiltzeak kalte fisiko larriak edo heriotza eragin ditzake, bai eta beldur kronikoa, estresa eta portaeraren aldaketak ere. Etxeko animaliak bereziki kalteberak dira zarataren, argien eta elementu horien zuzeneko inpaktuen aurrean", argudiatu du.