AKTUALITATEA


| 2019-10-25 12:24:00

Euskal Autonomi Erkidegoko Fiskaltzak jakinarazi duenez, 2018. urtean Euskal Autonomi Erkidegoan sexu delituek %25 egin dute gora. Bilbori dagokionez, zoritxarrez, azken garaietan hainbat eraso sexual gertatu izan dira. Joan den abuztuan emakume bat sei gizonek bortxatu zuten Gas plazan; irailean 25 urteko emakume bat bahitu eta bortxatu zuten Atxurin. Irailean baita ere bi egunetan soilik sexu erasoengatik hiru salaketa eman ziren: bata emakume bati Uribarriko jaietan, bestea Gas Plazan eta hirugarrena Boluetako diskoteka baten aurrean. Azken leku honetan 18 urteko neska gazte batek urrian ere beste sexu eraso bat salatu du.

 

Indarkeria matxista kasuen jatorria da gizonen eta emakumeen arteko egiturazko ezberdintasuna. Emakume izate hutsagatik edozein emakumek sufritu dezake indarkeria. Ezinbestekoa da era ezberdinetako neurriak hartzea, eta horietako bat gure hiriko gune arriskutsu guztiak ezabatzea izan beharko litzateke, emakumeok seguru ez sentitzen garen tokiak, hain zuzen ere. Ildo horretan, gaur, hemen, Bilboko puntu arriskutsuetako batean, EH Bilduko emakumeok, urriaren 31ko Osoko Bilkurara aurkeztu dugun mozioa aurkeztera gatoz.

Mozio horretan egun indarrean dagoen Bilboko “Emakumeentzako Hiri Debekatuaren Mapan” (2010-2011) sei hilabeteko epean berraztertzea eta gaurkotzea eskatzen dugu, emakumeen taldeekin eta talde feministekin elkarlanean eta Udaleko sail ezberdinen inplikazioarekin.  Era berean, behin Bilboko “Emakumeentzako Hiri Debekatuaren Mapa” berraztertuta eta gaurkotuta dagoenean, egunerokotasunean emakumeentzat arriskutsuak izan daitezkeen guneak ezabatzeko beharrezko neurriak martxan jartzea eskatzen dugu. Ekimen horiek guztiak aurrekontu batekin onartzea eskatzen dugu baita ere, paperan ez gelditzeko.

Bilboko Emakumeen Kontseiluak, barrutietako kontseiluen inplikazioarekin, 2010-2011 urteetan  “Bilboko Emakumeentzako Hiri Debekatuaren Mapa” egin zuen. Lan horrekin GITE-IPESek 2004-2005 urteetan Bilboko barrutietan egindako “Bilboko Emakumeentzako Hiri Debekatuaren Mapan” ez seguru moduan agertzen ziren guneen egoera berraztertzen zuen. 2010-2011 Mapa egin zenetik zortzi urte pasa dira, eta, hori dela eta, ezinbestekoa da lan hori berraztertzea, berrikustea eta gaurkotzea eta egungo gune arriskutsuak antzematea, horiek ere ezabatzeko helburuarekin.

Indarkeria matxista kasu bat gertatzen den bakoitzean adierazpen instituzionalak egitea ondo dago, baina ezin gara horretan gelditu, haratago joan behar gara eta era ezberdinetako neurriak hartu behar ditugu, horien artean gaur aurkezten duguna. Bilboko Udalak emakumeen aurkako erasoen kontra egiteko benetako borondatea badu, gure proposamena onartzea espero dugu. Emakumeen aurkako biolentziari aurka egiteko guztion artean neurriak hartu behar ditugu, ezin gara adierazpen instituzionaletan gelditu.