AKTUALITATEA


| 2020-04-06 16:17:00

EH Bildu-Bilbo udal taldeak Bilboko egoitzetan dauden adinekoen egoeraren aurrean kezka agertu du. Horregatik, Bilboko Udal Gobernuari Bizkaiko Aldundiarekin koordinatzeko eskatu dio, “ahalik eta presarik handienaz jokatzeko eta beharrezko neurri guztiak jartzeko, kontuan hartuta dagoeneko 50 pertsonatik gora izan daitezkeela Bizkaiko egoitzetan hil direnak”. Era berean, Bilboko egoitzetako adineko pertsonen egoerari buruzko informazio “ofiziala eta egiazkoa” emateko eskatu dio Udal Gobernuari, “prentsaren bidez jasotzen dugulako informazioa, berandu eta gaizki”.

EH Bilduk gogorarazi duenez, Bilbon 3.000 plaza baino gehiago daude hiriburuko 41 nagusien egoitzatan banatuta; horietatik 37 itunpekoak dira, hau da, enpresa pribatuek kudeatutakoak. "Atzo bertan prentsaren bidez jakin genuen pertsona bat hil zela eta Bilboko egoitza batean beste pertsona batzuk zeudela kutsatuta", adierazi du. Ildo horretan, gaineratu duenez, “ezinbestekoa da Udal Gobernua Bizkaiko Aldundiarekin koordinatzea eta neurriak indartzea exijitzea, argi baitago orain arte hartutakoak ez direla nahikoak izan”.

Horrela, EH Bildu Bilbok Udalari eskatu dio foru erakundeari eska diezaiola "babes eta material neurriak har ditzala, osasun-langileentzat, zaintzakoentzat, zerbitzu osagarrientzat, egoiliarrentzat, (NBE); berariazko protokoloak aplika ditzala; egoitza publikoetan zein pribatuetan ikuskapenak areagotu ditzala; eta gela bakoitzeko aldizkako zaintza egin dezala, nahitaezko konfinamenduaren ondorioz arriskua handitzen delako", besteak beste.

"Beharrezkoa da erakunde publikoek koordinazio bakarra izatea gizarte-zerbitzuen jarduera guztietan, izan arlo publikoan edo pribatuan", gaineratu du.

EH Bilduk aipatu duenez, egoiliarrek uneotan etenda dituzte bisitak, eta horrek isolamendua eta babesgabetasun-sentimendua sortzen die. Gainera, senideek jasotako tratua eta emandako zerbitzuaren kalitatea ez dute kontrolatzen. "Erakunde guztientzat lehentasuna izan behar du ahultasun egoera batean dauden pertsona horiek guztiak babesteko baliabide guztiak jartzea, eta hala eskatzen ari gara", nabarmendu du.

 ‘Begirada aktiboa’

Bestalde, EH Bildu Bilbok gogoratu duenez, Bilbon biztanleriaren %24a 65 urtetik gorakoa da, eta Bilboko Udalak bakarrik bizi diren eta oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak dituzten edota familia edo gizarte laguntza sarerik ez duten adinekoak detektatzeko 'Begirada aktiboa' programa du.

"Bizi dugun osasun alarma eta konfinamendu egoeran, inoiz baino beharrezkoagoa da programa hori indartzea eta dauden kasuak identifikatzeko bitarteko gehiago ezartzea, udaleko gizarte zerbitzuetatik beharrezko prebentzio lanak garatzeko asmoz, eta hala jakinarazi diogu gobernu taldeari", adierazi du udal taldeak.

Horretarako, auzoz auzo adineko pertsonei laguntzeko lanak egiteko sortu diren Bilboko Elkartasun Sareak laguntza handikoak izan daitezke. Hori dela eta, Bilboko Udalak beraiekin lankidetza estuan jarraitzeko eskatu du EH Bilduk.

Osasun programa

Bestalde, adierazi duenez, Bilboko Udaleko Osasun-arloak osasun-programa bat du, eta “une honetan eguneratu egin beharko litzateke, eta mota guztietako neurriak hartu beharko lirateke bizitzen ari garen osasun-alertako egoerari aurre egiteko”. "Lehentasunezko helburua osasuna eta bizitza kalitatez luzatzea izanik, osasun baliabide guztiak jarri behar dira helburu horren esku", ondorioztatu du.