AKTUALITATEA


| 2020-04-28 11:51:00

EH Bildu Bilbo Udal taldeak gogorarazi duenez, COVID-19 pandemiak eragina du haurren osasunean, hezkuntzan eta aisialdian, baita ondorio ekonomiko eta sozialak ere haien familia-ingurunean. Hori dela eta, haren ustez, konfinamendu-egoeraren inpaktu soziala arintzeko estrategiek "neurri espezifikoak hartu behar dituzte haurrak babesteko, bereziki salbuespenezko egoera honen ondorio gogorrenak pairatzen dituzten haurrak babesteko". 

Hala, haurrak Udal zerbitzuetatik babesteko proposamen bat aurkeztu du EH Bildu Bilbok. Proposamen horretan, honako hauek jasotzen dira: haurrei oro har zuzendutako neurriak, egoera bereziki ahulean dauden haurrei zuzendutakoak, familia ahulenetan bizi diren adingabeen bizi-baldintzak bermatzeko neurriak, eta hezkuntza-arrakala arintzeko neurriak

Haurrei oro har zuzendutako neurriak 

Osasun krisiak eta konfinamendu neurriek osasun mentaleko arazoak eragin diezaiekete haurrei; hori dela eta, EH Bilduk proposatu du telefono-linea ireki bat jartzea, arreta psikologikoa emango duten langileek artatua, haurren eta gurasoen kontsultak jaso ahal izateko, besteak beste, antsietateari, beldurrari, kontzentrazio ezari edo loezinari buruz. 

Ildo beretik, udalaren webgunean haur eta nerabeentzako atal espezifiko bat gaitzeko eskatu du EH Bildu Bilbok, non beren adinera eta heldutasunera egokitutako baliabideak eskainiko diren, emozioen eta gatazken kudeaketari buruz, bai eta gomendioak ere Interneten erabilera seguru eta arduratsuari buruz. Era berean, haurren aisialdirako atal bat ere ezartzea proposatzen du. "Udaleko eguneko zentroetako hezitzaileak material hori guztia prestatzen dutenak izatea planteatzen dugu; zentroak   une honetan itxita baitaude, eta laguntza birtualeko lanak ere egitea", gaineratu du. 

Egoera bereziki ahulean dauden haurrentzako neurriak 

Konfinamendu une hauetan, EH Bilduk ohartarazi duenez, egoera ahulenean dauden adingabeen egoera larriagotu egiten da, eta, beraz, "funtsezkotzat" jo du haurrei zuzendutako arreta goiztiarreko zerbitzu guztiak zein gizarte eta hezkuntza izaerako programak indartzea arrisku egoeran dauden adingabeentzat eta haien familientzat, hala nola gizarte eta hezkuntza arloan eta komunitatean esku hartzeko programa (PISECO) edo PISEKALÓ programa, Bilboko ijitoen komunitateko adingabeei zuzendutakoa. 

Programa horiek indartu ahal izateko, EH Bildu Bilbok Gizarte eta Hezkuntzako esku-hartze taldeak (EISE) handitzea proposatu du, bai eta beharrezko baliabiderik ez dituzten familiei EISEkin bideo-deiak egin ahal izateko behar diren baliabideak ematea ere. 

Familia ahulenetan bizi diren adingabeen bizi-baldintzak bermatzeko neurriak 

Elikadurari dagokionez, EH Bildu Bilbok proposatu du Bilboko Udalak 150 € eta 300 € arteko elikadura-bonoak martxan jartzea, adingabeak ardurapean dituzten eta eskola-jantokiak ixtearen ondorioz kaltetuak izan diren gizarte-bazterketako arriskuan dauden familientzat. Era berean, proposatu du Eusko Jaurlaritzari eskatzea ikastetxeko jantokian izena emanda dauden ikasleen zerrenda, eta, hala eskatzen dutenei, etxez etxeko zerbitzua bermatzea, hiriko catering-enpresa txikien bidez, kalitatezko janariak ziurtatuz eta tokiko enpresak bultzatuz. 

Etxebizitzari dagokionez, Udal-taldeak ohartarazi du konfinamenduak prekarioak diren etxeetan edota pertsona asko bizi diren etxeetan gelditzera behartu ditzakeela haurrak, eta beraz, aldi baterako bizileku-alternatibak bilatzea proposatu du pilaketa edota azpietxebizitza egoeran dauden familientzat, baldin eta etxeko egonaldi luzea bertako kideen osasunerako kaltegarritzat jo badaiteke. 

Hezkuntza-arrakala arintzeko neurriak 

Ikasleak etxetik ari dira hezkuntza prozesua jarraitzen, baina, EH Bilduk gogorarazi duenez, sistema hori "ez da erraza izaten ari, eta are gutxiago talde ahuletako familietan". Desberdintasunak saihesteko, hainbat neurri proposatzen ditu, hala nola mintzapraktika taldeak abian jartzea, telematikoki, inguruan euskararik entzuten ez duten ikasleei zuzenduta. 

Era berean, Bilboko Udalak kolektibo ahulen familiei beharrezko eskola-material guztia ematea proposatzen du, banaketa udaltzain, babes zibil, suhiltzaile edo herritarrak zaintzeko sareen bidez egin dezan, beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak bermatuz. 

Azkenik, EH Bilduk eskatu du Udalak interneterako sarbiderik edota ekipo digitalik ez duten familien esku jartzea eten digitala arintzeko behar diren baliabide guztiak, hiriko ikasle guztiek "kalitatezko hezkuntza jasotzeko aukera izan dezaten eta beren hezkuntza-prozesuarekin baldintza berdinetan aurrera jarraitu ahal izan dezaten". 

EH Bildu Bilbok proposamen hori Gobernu Taldeari helaraziko dio eta kontuan hartzea espero du, haurren ongizatearen alde elkarrekin lan egiteko, horiek ere COVID-19ren krisiak eragindako ondorioak pairatzen ari baitira. Ildo horretan, pandemiari buruzko erabakiak hartzeko prozesuetan haurren iritzia entzutearen eta kontuan hartzearen garrantzia ere azpimarratu du, gertatzen dena ulertu eta hartzen ari diren erabakietan parte hartzen dutela sentitu dezaten.