AKTUALITATEA


| 2026-06-03 08:49:00

Datorren larunbatean, ekainaren 6an, La Casillan, Bat Egin Eguna ospatuko du EH Bilduk, bere komunitatea elkartzeko ospakizun eguna, alegia. Hala adierazi dute Gaizka Suarezek, EH Bilduren Bilboko arduradun politikoak, eta Maria del Rio Bilboko Udaleko bozeramaileak.

Suarezek eta Del Riok adierazi dutenez, “ziklo politiko berri batean gaude, eta mugiezina zirudien hegemonia soziala arrakalatzen ari den bitartean, aldaketa politiko eta sozial handietarako aukerak parez pare irekitzen ari dira”. “Kalean, gure auzokideekin hitz egitean, mugimenduan dagoen gure hirian, senti dezakegun zerbait da”, gaineratu dute.

Esan dutenez, “ezkerreko independentismoa gero eta herri sektore zabalagoen erreferentzia bihurtu da, baita Bilbon ere” eta hori "EH Bildu osatzen duten militante guztien lanari esker” dela azpimarratu dute. "Beti esan dugu gure militantzia EH Bilduren altxorrik handiena dela, eta ziur gaude horrela izaten jarraituko duela", adierazi dute.

Militantziaren lana balioan jartzeko, EH Bilduk Bat Egin Eguna antolatu du, "gure komunitatea elkartzeko eguna, jai giroan ospatuko duguna, hainbat jarduerarekin, hala nola bazkari herrikoia, kontzertua edo haurrentzako jarduerak". Arnaldo Otegi, EH Bilduren idazkari nagusia eta Maria Del Rioren hitzartzeak ere izango dira.

Suarezek eta Del Riok EH Bilduren komunitate guztiari Bat Egunean parte hartzeko deia luzatu diete. “Bilbon handira jokatzeko garaia da. Bilbo irabazi, Euskal Herria irabazteko”, nabarmendu dute.