AKTUALITATEA


| 2019-11-21 13:16:00

Udal Gobernuaren aurrekontuei osoko emendakina aurkeztu diegula jakinarazi nahi dugu. Aurrekontuaren eta adierazgarri ekonomikoen egoera ona dela ematen badu ere, PNVk eta PSEk autokonplazentziazko proposamena aurkeztu digute, eta horren ondorioz, proposamen kontinuista bat, Bilboko eta bilbotarron benetako beharrizanei erantzunik ematen ez diona, hain zuzen ere. Proposamen horrek ez ditu etorkizuneko Bilboren oinarriak ezartzen, hau da, ez du hiri justuagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa, feministagoa eta erabakietan parte hartzaileagoa izateko hiri baten aldeko oinarriak ezartzen. Adibide batzuk emango ditugu.

Agintaldi berriarekin, Berdintasun zinegotzigo propioa eratu da, baina  2019ko jarduerako aurrekontuak eta 2020koak konparatuz, Berdintasunari eskaintzen zaion partida oso antzekoa da. Horrek sailaren sorrera itxurakeria hutsa dela pentsatzera eramaten gaitu.

Bestalde, Auzokide Planei dagokionez, diru partida berdina eskaintzen zaie auzo guztiei, 1.700.000 €. Auzo bakoitzak beharrizan propioak eta hedadura desberdinak dituzte. Ezin da bidezkoa guztiei diru berdina eskaintzea; gure ustez, dagoeneko hiriko auzoen artean existitzen diren desberdintasunak areagotuko ditu.

Herritarren Segurtasunerako Saila da gehien hazi dena, %6,1a, hain zuen ere, baina beste behin ere, plantilla handitzeko eta ez Segurtasun Itunean adostutako hurbileko polizia ereduaren bidean pausuak emateko.

EH Bilduren ustez, hiriaren beste erronka handietako bat enplegu duina sortzea izan behar da. Honi dagokionez, Udal Gobernuak ekitaldi handien sustapenean egiten duen esfortzua azpimarratu nahiko genuke: ekitaldi hauek enplegua sortzen dutela adierazten dute behin eta berriro, baina enplegu hori kasu askotan erabat prekarioa da. BBK Live dugu horren adibide argia. PNVk eta PSEk holako ekitaldiei ia 9 milioi euro  eskaintzen dioten bitartean, iaz baino milio bat euro gehiago, Enplegu Planei 4.321.637 eskaintzen dizkiote. 4 milioi euroko desberdintasuna.

Euskalduntze-planak garrantzi handia izan behar duen hiri batean, Euskara Saileko aurrekontua mantendu egiten da; egitura mantentzeko beharrezkoa dena baino ez da igo. Udal honek euskararen erabilera sustatzeko duen sentsibilitate eskasaren adibide. Era berean, Haurtzarorako eta Gazteentzako arloari dagokionez, partidak murrizten dira, eta botiloiaren prebentziorako bezalako programak bertan behera gelditzen dira.

Harritzekoa da Udal Gobernuak pertsonak politika publikoen erdigunean jartzearen inguruan hitz egitea, eta ostean Gizarte Ekintzako aurrekontua %0,89a baino ez dela handitu egiaztatzea. Aurrekontu hori ez da nahikoa inondik inora dauden beharrei erantzuna emateko. Gaineratzekoa da, udal etxebizitzen aurrekontua %10a murriztu dela, etxebizitza-eskaria handitu egin den urte honetan, jendartearen beharrak handitzen doazen bitartean, aurrekontua ez da igotzen, murriztu baizik.

Mugikortasun eta Jasangarritasun arloari dagokionez, gabezia larriak daude hirian benetako mugikortasun jasangarria lortzeko. Horren adibide argia bizikleta bidezko mugikortasunerako azpiegituretara bideratutako partida milioi bat euro jaitsi dela.  

Arreta deitzen digun beste atal bat aurrekontu partehartzailerena da, izan ere, aurrekontu orokorra igo bada ere, iazko partida berdina mantentzen da. Aurten 325 proposamen herritar jaso dira, eta Udal Gobernuak 10 baino ez ditu aukeratu. Parte hartzearen aldeko apustua azkeneraino eraman behar da, eta benetako prozesu parte hartzaile batean, hiritarrek eurek aukeratu beharko lukete zeintzuk izango diren martxan jarriko diren proiektuak eta ez Udal Gobernuak.

150 emendakin

Egoera honi buelta emateko eta beste hiri eredu bat defendatzeko asmoz, EH Bildu Bilbotik 150 emendakin baino gehiago aurkeztu ditugu, 21,3 suposatzen dutenak. Emendakin hauekin, EH Bildutik Bilbo eta bilbotarrekin dugun konpromisoan sakondu nahi dugu. Bilbotarron bizi kalitatea hobetzeko asmoz, zentzuzkoak, konkretuak eta kuantifikatuak diren emendakinak dira aurkeztu ditugunak, eskubideak berreskuratzen jarraitzeko,  ezberdintasunekin amaitzeko eta herritarren ongizatean laguntzeko.

Adibide bezala, indarkeria matxista pairatu duten emakumeak gogoratzeko eta aitortzeko toki bat jartzeko azterketa eskatu dugu, baita indarkeria matxista jasan duten emakumeentzako asistentzia juridikoaren partida handitzea ere. Ildo beretik, indarkeriaren biktima izan direnentzako larrialdi laguntza espezifikoan inbertsioak handitzea eskatu dugu, eta aldi berean Bilbok emakumeen etxea izatea eta Udalak autodefentsa feminista ikastaroak antolatu ditzan proposatu dugu.

Hurbileko polizia izateko eskubideetan formakuntza zehatza izateko eskaera egin dugu, baita indarkeria matxista eta diskriminaziorako unitate berezi bat. Aldi berean, indarkeria matxista salatzera zein atxilotu dituzten emakumeen beharrei erantzun ahal izateko, atxilotze-gune guztien egokitzapena proposatu dugu.

Arlo sozialean, gizarte zerbitzuetan langile gehiago eskatu ditugu (gizarte langileak, etxez-etxeko laguntza, GLLen kudeaketa, gizarte inklusioa), eta ildo beretik, gazteen artean ludopatia prebenitzeko plana martxan jartzea.

Irisgarritasuna eta hiriko auzo desberdinetako udal ekipamenduak hobetzea, txirrindulariak espazio publikotik segurtasunarekin ibiltzeko azpiegiturak,  egokitutako jolas guneak eta frontoiak estaltzea dira gure beste emendakinetako batzuk. Era berean, euskara ikasteko doakotasunean pausuak ematearen alde apustu egiten dugu gure emendakinekin eta Bilbo jasangarriagoa izateko emendakinak baita ere.

Aurkeztutako emendakinekin gure asmoa aurrekontuak bilbotarrak zaintzeko bitartekoa izatea da, eta Bilbo etorkizunera prestatzen ari den hiri inklusibo eta jasangarria bilakatzea.