AKTUALITATEA


| 2020-05-15 14:06:00

EH Bildu Bilbo udal taldea “oso harrituta” agertu da  Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaur eguerdian Aste Nagusia bertan behera uzteko erabakia jakinarazteko “moduagatik”; izan ere, “erabaki hori ez du aldez aurretik Jai Batzorde Mistoarekin adostu eta bertan jai esparru guztia biltzen da, talde politiko guztiak, Bilboko Konpartsak eta hainbat erakunde”. "Ez da onargarria alkateak horrelako erabakiak alde bakarrez hartzea, inorekin adostu gabe", adierazi du Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilbo udal taldeko bozeramaleak.  

Ildo horretan, Goirizelaiak esan duenez, EH Bilduren “lehentasuna jendearen osasuna bermatzea dela kontuan hartuta, gogorarazi nahi dugu Aste Nagusia, funtsean, herriak eta herriarentzat egindako jaia dela, eta horregatik uste dugu erabakiak aldez aurretik eztabaidatu eta adostu behar direla Jai Batzorde Mistoaren esparruan, Bilboko Konpartsek ere eskatu duten bezala ".

Era berean, EH Bilduk harridura agertu du alkateak kultur jardueren deszentralizazioari buruz egindako iragarpenaren aurrean; izan ere, auzo guztietan, jai batzordeak Udalarekin gai hori bera jorratzeko bilera baten zain daude. Hori salatu du Auzotarrok, Auzoetako Jai Batzordeen Federazioak, duela egun batzuk bidalitako gutun ireki batean.

"Aste Nagusiaren ezaugarri nagusia beti izan da jai herrikoia, parte-hartzailea, bilbotarrek antolatutakoa eta Bilboko gizarte osoaren inplikazioa duena", adierazi du Goirizelaiak. “Alkateak alde batera utzi du parte-hartzean oinarritutako jai eredu hori, bilbotar guztientzat hain garrantzitsua den Aste Nagusiari buruz erabakitzeko ahalmena bereganatuz”, salatu du.