AKTUALITATEA


| 2019-08-13 13:45:00

EH Bildu Bilbok Alfonso Gilen, Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziaren, agerraldia eskatu du BilbaoBiziko langileen egoera azaltzeko, izan ere, bizikleta zerbitzua eskaintzen duen azpikontratatutako enpresako langileek prekarietatea eta lan baldintza txarrak salatu dituzte.

Horrela, Bruno Zubizarretak EH Bildu Bilboko zinegotziak gaur, asteartean, BilbaoBiziko langileek deitutako kontzentrazioan parte hartu du euren aldarrikapenekin bat egiteko lan baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzu publikoak aldarrikatzeko, hain zuzen ere.

Zubizarretak gogoratu duenez, BilbaoBiziko langileek salatu dutenez, besteak beste, “ez zaie dagozkien hitzarmen kolektiboa ezartzen, euren soldata mila eurora ere ez da heltzen, langile gutxi daude dagoen eskariari aurre egiteko, gehienek lanaldi osoko kontratua ez dutenez aparteko ordu pila egin behar dituzte eta, lan karga dela eta, lan istripuren bat ere izan da”.

Egoera hori dela eta, azalpenak eskatu dizkio EH Bildu Bilbok Alfonso Gileri. “Zerbitzu publikoak diren heinean, Udalaren eskumena dira langileen lan baldintzak, eta udaleko beste gatazka batzuetan bezala, Udalak ezin du beste alde batera begiratu eta arazoa azpikontrataren ardurapean utzi”, adierazi du.

EH Bilduk “zuzeneko kudeaketaren” aldeko apustua egiten du, baina azpikontratazioek jarraitzen duten bitartean, langileen lan baldintzak defendatzen jarraituko dutela gogoratu du Zubizarretak.  “Kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko ezinbestekoa da langileek lan baldintza onak izatea eta hori aldarrikatzen jarraituko dugu”, azpimarratu du.