AKTUALITATEA


| 2024-09-26 15:05:00

EH Bildu udal taldeak neurri sorta bat aurkeztu du iraileko Osoko Bilkuran turismoaren industriaren kanpo-efektu negatiboak arautzeko eta kontrolatzeko. Horrela, akordioak lortu ditu, alde batetik, udalak kudeatutako tasa turistiko progresibo bat ezartzea bultzatzeko, eta, bestetik,  auzoetan turismo-plazak banatzeko, hiriko auzo jakinetan saturazioa saihesteko eta iraunkortasunaren aldeko apustua egiteko.

EH Bilduren ustez, "akordio garrantzitsuak" dira, "turismoaren ondorio negatiboak bizilagunek ez pairatzeko eta turismoak herritarrentzat benetako itzulera positiboa izateko". Hala ere, alderdi soberanistak deitoratu egin du bisita turistikoen erregulazioaren inguruan adostasunik ez lortzea, Udal Gobernuak “uko egin baitio bisiten edukiera eta beste gai asko arautzeari, nahiz eta jarduera horrek eragin handia izan Bilboko bizilagunengan, bereziki Alde Zaharrekoengan eta erdigunekoengan”.

Turismo-plazen banaketa

Erabakiei dagokienez, Garazi Perea zinegotziak azaldu du EH Bilduren ekimenez, 2022ko HAPOren aldaketa izapidetzea onartu dela, erabilera turistikoak arautzeari buruzkoa, hain zuzen ere.  Aldaketa horrek irizpide gisa hartuko du hiriko auzoetan banaketa orekatua egitea, auzoetan erabilerak tartekatzen direla bermatzea eta eraikinen multzoan bakoitzari leku egokia ematea.

Perearen arabera, akordio hori "oso positiboa" da, "egungo egoera zuzendu eta etortzeke dagoenari aurrea hartzeko aukera emango baitigu, egun Alde Zaharrean bizi den saturazio egoera beste leku batzuetan ematea saihestuz”. Ildo horretan, azaldu duenez, Alde Zaharrean zazpi hotel sortu dira bost urtean, eta gehiago espero dira. "7.000 pertsona pasatxoko auzoa da, eta 2.000 turistarentzako lekua du. Presio turistikoa oso nabarmena da, auzoko 100 biztanleko 28 plaza turistiko baititu batez beste,  Donostiako bi auzo bakarrik gaindituz: erdialdea eta Igeldo", zehaztu du.

Era berean, gogorarazi du Bilbo osoan 17.939 turismo-plaza daudela legez erregistratuta gaur egun, eta, etxebizitza eta gela turistikoen kasuan, Bilbok % 258ko hazkundea izan duela azken bost urteetan, 5.229 plazarekin egun. Era berean,  2024ko azken hiruhilekoan 2014an baino 22 hotel gehiago daude gure hirian", gaineratu du.

"Datu horiek agerian uzten dute neurriak hartu behar direla eta hori da akordioaren helburura, alegia; erregulazio horren bidez, hiriko turismo-plazak hiri-eredu jasangarri batekin bateragarri izatea, oinarrizko eskubideak, etxebizitzarako eskubidea eta herritarren bizi-kalitatearen hobekuntza bermatze aldera”.

Turismo-tasa

Bestalde, María del Río pozik agertu da turismo tasaren inguruan lortutako akordioarekin, horren bidez gobernu-taldeari eskatzen baitzaio,  gainerako euskal erakundeekin koordinatuta, tasa turistiko baten ezarpena bultza dezala. Bere ustez, akordio garrantzitsua da; izan ere, Udal Gobernuak "bere egiten du tasa hori ezartzeko beharra, eta hori pauso izugarria da, lehen horren alde ez zegoelako”.

EH Bilduk proposatutako definizioari dagokionez, Del Riok berretsi du "udal izaera" izan behar duela, "progresiboa, eta hiriko turismo-industriak eragindako gastuak ordaintzeko helburuarekin". Horren harira, Del Rioren esanetan, "lorpen bat da udal talde gehienek tasaren udal izaeraren alde egin izana".

Horren ildotik, Javier Hurtado Turismo sailburuak (PSE) eta Juan Maria Aburto alkateak (EAJ) egindako adierazpen "kontrajarrien" aurrean, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du "gustatuko litzaiokela jakitea zein den udal talde sozialistaren jarrera".

Bere ustez, "garrantzitsua da kudeaketa udalarena izatea, kontuan hartuta turismoak eragiten dituen kostu gehienak udalerriek jasaten dituztela, kasu honetan, Bilbok". "Gainera, Erroma, Venezia, Lisboa, Oporto, Paris, Berlin eta beste hainbat hiritako adibidea dugu, udalerri mailan kudeatzen baitute tasa hori", azpimarratu du.

Bisita gidatuak

Bestalde, Xabier Fernandez EH Bilduko zinegotziak deitoratu du ezinezkoa izan dela akordio bat lortzea bisita gidatuak bere osotasunean arautzeko, kontuan hartuta eragin handia dutela, bereziki Alde Zaharrean eta erdigunean: espazio publikoaren erabilera intentsiboa, espaloien okupazioak, zaratak, pilaketak, bizikletaz egindako bisita masiboak... horiek guztiak eragozpenak sortzen dizkiete bizilagunei.

Fernandezek adierazi duenez, "soinua anplifikatzeko gailuak erabiltzea debekatzea positiboa bada ere, ulertezina da bisita gidatuen edukiera ere ez arautzea, are gehiago apiriletik aurrera Donostian neurri hori martxan jarriko denean, bisita bakoitzeko parte-hartzaile kopurua 25 pertsonara mugatuz".

Azaldu duenez, aurkeztutako zuzenketarekin, Udal Gobernuak bisita gidatuei "irtenbide integrala emateko borondate falta erakusten du"; izan ere, "jardunbide egokien gida bat izatea gauza positiboa bada ere, ez da nahikoa".

"Udal Gobernuak ez du kontuan hartzen Europako beste hiri batzuetan gertatzen ari dena, ezta Euskal Herrian hartzen ari diren neurriak ere. Nolanahi ere, denborak arrazoia emango digu eta, tasa turistikoaren kasuan bezala, bisita gidatuen arlo guztiak ordenantza batean arautuko dira ", amaitu du.