AKTUALITATEA


| 2024-06-14 10:48:00

Bilboko pisu turistikoen etengabeko gorakadak eta honek sortzen dituen ondorio kezkagarrien aurrean, EH Bildu udal taldeak mozioa aurkeztu du ekaineko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Bertan, hirian etxebizitza eta logela turistikoak kontrolatzeko protokolo bat sortzea eskatzen da. 

Maria del Rio bozeramaileak eta Karlos Renedo zinegotziak eman dute horren berri gaur prentsaurrekoan, eta gogorarazi dute gaur egun Bilbon 974 etxebizitza turistiko eta 279 logela legal daudela erregistratuta Eusko Jaurlaritzan (euskadiko turismo-enpresa eta -establezimenduen Erregistroa). Gehienak erdialdeko auzoetan daude, eta ohiko etxebizitzarekiko gomendagarria den ehunekoa gainditzen dute. 

Maria del Riok azaldu duenez, turismoaren hazkundeak jarduera ekonomiko hori modu esponentzialean hedatzea eragiten du. Aldi berean, adierazi du sektorearen beraren txostenek "etxebizitza eta logela turistikoen hazkunde neurrigabea" aipatzen dutela eta "urteko %25etik gorako igoerak adierazten dituztela". Ohartarazi duenez, horrek bi ondorio argi ditu: "lehena, establezimendu turistiko klasikoei eragiten die, eskaintza mota horren aurka baitaude aurrez aurre; bigarrena eta nabarmenena, ondorioak pairatzen dituzten komunitateek eta auzoek, bizilagunei eragiten die zuzenean”. 

Del Riok gogorarazi duenez, Bihotzean Alde Zaharreko auzo-elkarteak maiatzeko osoko bilkuran aurkeztutako mozioan agerian utzi bezala, ostatu turistikoen hazkundearen "eraginak askotarikoak dira, bizilagunen egunerokoan eragiten du, beste sektore ekonomiko eta saltoki batzuk kaltetzen ditu eta, jakina, etxebizitzaren prezioari ere kalte egiten dio". 

Bilbon alokairu eskaintza baino pisu turistiko gehiago daudela gogorarazi ostean, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du etxebizitza turistikoen fenomenoaren atzean "inbertitzaile espekulatzaile handiak eta enpresa zehatzak" daudela. "Erregistroak berak dio hirian 50 etxebizitza turistiko baino gehiago dituen enpresa edo inbertitzaileren bat dagoela”. 

Bestalde, Karlos Renedok ohartarazi duenez, legezko etxebizitzen eta logelen kopurua, "astez aste hazten doa" baina baita legez kanpokoak ere, "nahikoa da horrelako ostatuak eskaintzen dituen web orri nagusiari begiratzea iruzurra aurkitzeko, webguneko eskaintza erregistrokoa baino askoz handiagoa baita", azaldu du. 

Gainera, esan duenez, "lehen solairutik gorako pisuetan ostatu-eskaintza dago; erregistro-zenbakirik gabeko ostatu-eskaintza dago, eta zenbaki faltsudun ostatu-eskaintza dago, edo erregistroan existitzen ez direnak". 

Bulego bat sortzea 

Egoerarekin kezkatuta, EH Bilduk eskatu du Bilbon protokolo bat sortzea etxebizitza eta gela turistikoak kontrolatzeko. Ildo horretan, Renedok zehaztu du bulego bat sortzea proposatzen dutela, gure udalerrian jarduera ekonomiko hori garatzeko baldintzen eta murrizketen berri argi eta garbi emateko. 

Gaineratu duenez, bulego hori arduratuko litzateke bizilagunei aholku emateaz, etxebizitza-komunitateetan etxebizitza horiek estatutu bidez mugatzeko edo komunitateari egiten dioten ekarpen ekonomikoa handitzeko aukerari buruz. 

Eta garrantzitsuena, bere ustez, abisu-kanal telematiko eta presentzial bat ezartzea da, bilbotarrek ez ezik, bisitariek ere, nagusiki eskaintza honen erabiltzaileek, irregulartasunak edo eragozpenak jakinarazteko aukera izan dezaten, udalak, hala badagokio, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jardun ahal izan dezan. 

María del Riok eta Karlos Renedok adierazi dute Bilbon abian jar litekeen proposamen praktiko bat dela, eta, beraz, adierazi dute akordio batera iristea espero dutela, kontuan hartuta, gainera, ekimen hori eta beste batzuk beharrezkoak direla etxebizitza turistikoen fenomenoaren aurrean.