AKTUALITATEA


| 2019-11-29 12:40:00

EH Bildu Bilbok udal aurrekontuei aurkeztutako eta onartutako emendakinei esker, berdintasuna, euskera eta lankidetza sustatuko dira eta Bilbo hiria inklusiboagoa eta irisgarriagoa izateko neurriak bultzatuko dira.

EH Bilduk proposatuta, indarkeria matxista pairatu duten emakumeen oroimen eta aitortzako toki bat sortzeko ikerketa egingo da, mugimendu feministarekin eta indarkeria matxistaren biktimekin batera.

“Bilbo horrelako gune bat izango duen Euskal Herriko lehenengo hiria izango da, ezinbestekoa biolentzia matxista pairatu duten emakume guztiak gogoratzeko eta balioan jartzeko eta baita ere prebentzio eta hezkuntza lanak egiteko. Errelatoa, memoria eta erreparazioa. Emakume askori zor diegun aitortza, jasotako min parkaezinagatik”, adierazi du EH Bilduk.

Ildo horretan gogoratu duenez, indarkeria matxista gaur egun jendartean daukagun arazo larri eta estrukturala da. Biolentzia horren jatorria da gizonen eta emakumeen arteko egiturazko ezberdintasuna, horregatik, emakume izate hutsagatik indarkeria matxista pairatu duten emakumeei aitorpena egiteko toki bat izatea beharrezkoa deritzogu eta lanketa hori mugimendu feministarekin eta indarkeria matxista pairatu duten emakumeekin batera egitea.

Era berean, EH Bilduren gazteei zuzendutako programetara eta udalekuetara 100.000 euro gehiago bideratzeko emendakina onartu du Udal Gobernuak.

Bestalde, aniztasun funtzionala duten pertsonen aldeko beste emendakin bat onartzea lortu du EH Bilduk; izan ere, lau txirrindu egokitu gehiago izatea lortu du, horrela, zortzi izango dira guztira Bilboko egokitutako txirrinduak, bat barrutiko. ”Mugikortasun jasangarria hiritar guztientzat inklusiboa izan behar da eta horren alde lan egiten ari gara”, esan du EH Bilduk.

Era berean, gizarte mugimenduekin hitzarmenak sinatzeko 50.000 euro gehiago bideratzea lortu du EH Bildu beste emendakin baten bidez. EH Bilduren hitzetan, Bilboko Udalak Gizarte Mugimenduak eta oinarrizko eragile sozialak kontuan izan behar ditu elkartasuna sustatzen duten mugimenduak direlako, talde anitzak elkartzen dituztelako, aldaketa sozialaren alde.

“Udalak nazioarte mailan lan egiten duten Euskal Herrian presentzia duten mugimenduek indartzeko balio izango du partida honek, esate baterako, Vía Campesina edota Emakumeen Mundu Martxa”, azaldu du EH Bilduk.

Horrez gain, EH Bilduren emendakinen bidez, Bilboko Udalaren lankidetzako eragile zuzenaren rola indartzeko 50.000 euroko partida lortu dutela gaineratu du, “Udalak berak sustatutako lankidetza egitasmoetara bideratzeko baliabideak handituz”.

Loraldia jaialdira zuzendutako dirua handitzea ere lortu dutela esan du. “Loraldia euskal kulturaren erakusleiho garrantzitsuenetarikoa da eta partida handitzea ere lortu dugu, Bilbok ahalegin berezia egiteko jaialdi hau kultur ondarea eta sorkuntza nazioarteko mailan jartzeko”.

Bestalde, auzoetako jaietara bideratutako dirua ere handituko da EH Bilduren beste emendakin baten bidez. “Egun inbertsio gehienak hiriaren gunean egiten dira, kultur inbertsioak barne. Gure apustua Udalak kultura deszentralizatzea da eta herri kultura sustatzea, eta horretarako auzoetako ekimen kulturalek aurrekontu gehiago izan behar dute, horregatik garrantzitsua da emendakin honen onarpena”, adierazi du.

Udal aurrekontuari EH Bildu Bilbok 150 emendakin baino gehiago aurkeztu dizkiogu, 21,3 milioi euro suposatzen dutenak eta horietatik zazpi onartu ditu Udal Gobernuak. “Aurkeztutako emendakinekin gure asmoa aurrekontuak bilbotarrak zaintzeko bitartekoa izatea da, eta Bilbo etorkizunera prestatzen ari den hiri inklusibo eta jasangarria bilakatzea eta, neurri txikian bada ere, lortu dugu”, esan du EH Bilduk.

 “Pena bat da soilik zazpi emendakin onartzea, horrek argi uzten du udal gobernuaren borondate falta eta gure hiriaren ereduak eta udal gobernuarenak talka egiten dutela, baina guk lanean jarraituko dugu gure politikak martxan jartzeko, herritarrak erdigunean jarriz. EH Bilduren ekarpenek udal aurrekontua hobetu dute, baina ez aurrekontua onartzeko moduan.”.