AKTUALITATEA


| 2019-12-03 13:17:00

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dala gogoratu eta Bilboko Udalari euskalduntzearen aldeko pauso ausartagoak emateko eskatu dio Euskal Herria Bilduk. Izan ere, joan den asteko Udalbatzan bertan 2020. urterako aurrekontu proiektua eztabaidatu zuten, eta EH Bilduk hamazazpi zuzenketa proposamen aurkeztu zituen, Udalak euskararen alde egiten duen apustua sendotzeko. Hamazazpi proposamen horietatik bakarra onartu zuen Udal Gobernuak, euskarazko kultur sorkuntzari lotutakoa.

EH Bilduko zinegotzi Asier Gonzalezek ildo desberdinak markatu zituen udal politika euskaltzalearen alde: “kultur sorkuntza osasuntsu mantendu behar dugu, zentroan eta periferian; euskara ikasi nahi duenari ateak parez-pare zabaldu behar dizkiogu, tiketa debalde; eta aspaldi etorri zirenei edo euskararen hegoak moztuta jaio zirenei ere atea zabal-zabalik, sekula ez baita berandu euskahalduntzeko”.

Bere esanetan, “beste erronka garrantzitsuetako bat honakoa da: gazteei aisialdia euskaraz ere izan daitekeela demostratzea, azken kale zuloraino; Otxarkoagan eta Altamiran”.

Horrez gain,  paisaia linguistikoan euskara zaindu eta bultzatzeko eskatzen du EH Bilduk.

Euskararen aldeko Udalgintza ez da “inoren kontra“ egiten den zerbait, EH Bilduk dioenez, “inoiz barne mugak gainditu eta euskararen aberrira inguratu den horrek badaki ez gabiltzala inoren kontra”, gaineratu du.

Gai horiek guztiak aurrekontuetara aurkeztutako 17 emendakinetan proposatu ditu EH Bilduk, besteak beste: gazte etorkinek eta 65 urtetik gorakoek euskara ikasteko diru-laguntzak indartu, komertzioa euskalduntzeko Biribilko proiektua indartu, euskararen paisaia landu eta Otxarkoagan euskara eskolak errekuperatu.

“Joan zen ostiralean Bilboko alkateak, berba politak egin zituen euskararen eguna dela eta; gaur ere antzeko adierazpenak espero daitezke agintari publikoen partetik, baina politika publikoak ez dira batere ausartak eta aurrera jauzi erabakiorra behar dugu. Bide horretan lankidetzarako prestutasun osoa dauka EH Bilduk”.