AKTUALITATEA


| 2021-05-27 10:24:00

EH Bildu udal taldearen ekimenez, Udal Gobernuak pandemiak ongizate emozionalaren eta osasun mentalaren arloan eragindako kolektiboei laguntzeko programa bat martxan jarriko du, udalaren eskumenen barruan. EH Bilduk aurkeztutako mozio baten ondorioz, alderdi soberanistak eta gobernu taldeak egindako zuzenketa onartu ostean adostu dute akordioa.

Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziaren esanetan, akordio hau “'Bilbao Aurrera' berezia bat izango da, COVID 19aren ondorioz, zaurgarritasun emozionala duten gure hiriko pertsonei arreta berezia eskaintzeko". "Gure betebeharra da, eta egin egingo dugu", azpimarratu du.

Zubizarretak azaldu duenez, "errealitate bat da pandemiak eremu ezberdinetan dituen ondorioek herritarren osasun mentalari zuzenean eta modu garrantzitsuan eragiten diotela". "Antsietatea, beldurra, bakardadea, distantzia soziala, murrizketak, estresa eta ziurgabetasuna zabaldu eta areagotu egin dira azken hilabeteetan", gaineratu du.

Horren harira, ohartarazi du "arreta berezia" behar duela pandemia nerabeengan izaten ari den eragin emozionalak; izan ere, "era guztietako osasun mentaleko arazoengatik (bizia kentzeko saiakera, deskonpentsazio emozionalak…) gazteenen ospitaleratzea % 60 igo da Euskadin".

Horregatik guztiagatik, Zubizarretaren ustez, "premiazkoa" da Udalak, bere eskumenen esparruan, "jarduketa batzuk ezartzea eta neurri desberdinak hartzea COVID 19ak bilbotarrengan sortutako egoera arintzeko".

Horrela, EH Bilduk azpimarratu du lortutako akordioa "oso tresna egokia" dela pandemiak bilbotarrengan ongizate emozionalari dagokionez izan dituen ondorioei aurre egiteko.