EH Bildu udal taldeak, azken hamarkadan euskararen erabilera sustatzeko aurrekontua handitzeko akordioak lortu ostean, gaurko Osoko Bilkuran Udal Gobernuaren konpromiso zehatz bat lortu du euskara ikastaroen doakotasunaren alde.
Alderdi soberanistaren hasierako proposamen baten ondorioz, gobernu taldeak eta EH Bilduk zuzenketa transakzionatu bat adostu dute. Bertan, Udal Gobernuak Bilbo euskalduna lortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, besteak beste, helduei euskara ikasten lagunduz dirulaguntzen programen bidez. Horren bitartez, poltsa ekonomikoa banatuko da Bilboko herritar guztien artean, doakotasunerantz urratsak ziurtatuz.
"Gure mozioan adierazten genuen moduan, EH Bilduren eredua bestelakoa bada ere albiste ona da euskararen ikaskuntzan doakotasunean aurrera egiten dugulako. Horrela, herritar guztiek euskara doan ikasi ahal izatea errazten dugu", adierazi du Nerea Undabarrena zinegotziak. Gaineratu duenez, alderdi soberanistak euskararen erabilera zein ikaskuntza sustatzeko beharra azpimarratzen jarraituko du, bai aurrekontuetan, bai dauden foro guztietan.
Euskararen ordenantza
Udal Gobernuak euskararen ordenantza ez onartzeari buruz, Maria del Rio bozeramaileak esan du "oraindik bidea egin behar dugula euskal hiztunok lehen mailako pertsonak izan gaitezen". Horrela, Udal Gobernuaren erabakia deitoratu du eta "Bilboko euskaldunok Gasteiz, Iruña edo Donostiakoek adina merezi dugula" gaineratu du.
Horren ordez, gobernu taldeak zuzenketa "deskafeinatu" bat onartu duela adierazi du, euskararen erabilera normalizatzeko udal planaren aldeko apustua eginez. "Ez gaude inolaz ere plan horren aurka, baina hori egitea ez litzateke aitzakia izan behar ordenantza bat ez garatzeko, hori baita euskal hiztunen eskubideak bermatzeko benetako mekanismo demokratikoa", nabarmendu du.
Del Riok euskararen ordenantza bat izateak duen garrantzia azaldu du, "Udalaren tresnarik garrantzitsuenak izanik", bere helburua "udal ekintza, administrazioaren barne erabilera eta herritarrekiko harremanak arautzea izango litzatekeelako, hau da, gaur arte egindako lanari oinarri eta antolamendu gorena ematea". "Euskaldunen eskubideak bermatzea da helburua, ez bakarrik Udalari dagokionez, baita hiri osoan ere", zehaztu du.
Del Riok gogorarazi duenez, Bilbon 100.000 pertsona baino gehiagok hitz egiten dute euskaraz. “Euskaldun gehien dituen munduko hiria izanik, euskarak hiriarentzat duen garrantzia askoz haratago doa, kohesio sozialerako eta integraziorako tresna baita, besteak beste”, azaldu du.
"Mugimendu euskaltzaleak urteetan eskatu duen bezala, Bilbok euskararen ordenantza behar du, euskarari hirian merezi duen lekua emateko, baina Udal Gobernuak borondate politiko falta erakusten du berriz ere", amaitu du.