AKTUALITATEA


| 2020-04-30 14:04:00

Jone Goirizelaiak, EH Bilduko bozeramaileak, azpimarratu duenez, gaurko udalbatzarrean, EH Bildu Bilboren ekimenez, "Bilborentzat eta bilbotarrentzat oso garrantzitsua den akordio bat lortu da"; izan ere, aho batez erabaki dute "Espainiako Gobernuari eskatzea ahalik eta lasterren gastu-araua malgutzeko".

Goirizelaiak azaldu duenez, akordio horrek ahalbidetuko du Bilboko Udalak superabita, beharrezkoa izanez gero, "lehentasunezko gaietarako" erabiltzea, eta, esan duenez, EH Bildurentzat lehentasuna "osasun alarmak eragindako ondorio sozio-ekonomikoei aurre egitea" da.

“Gure lehentasuna da egungo egoeraren ondorioak pairatzen ari diren Bilboko herritar guztiei zuzendutako neurriak finantzatzea: familiak, langileak, autonomoak, enpresa txiki eta ertainak, kultura-eragileak eta irabazi-asmorik gabeko elkarteak,  eta bereziki gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonak, adingabeak, gazteak edo adinekoak bezalako kolektibo espezifikoak", gaineratu du.

Gaurkoa "ohiz kanpoko egoera batean ohiko osoko bilkura" dela gogorarazi ostean, joan den otsailean, EH Bilduk lortutako akordioari esker, Diputatuen Kongresuan udalen gastu muga malgutzeko akordioa lortu zutela adierazi du. "Akordio honen helburua Bilbo bezalako udalei kalte egiten zien egoerari amaiera ematea da; izan ere, kontu onbideratuak eta superabitak izan arren, ezin genuen beharrezko gaietan inbertitu, adibidez, gizarte politiketan", azaldu du.

Hori horrela, gaur lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu du; izan ere EH Bilduren proposamenari EH Bilduk, EAJk eta PSEren artean adostutako zuzenketa onartu da eta gainerako alderdien aldeko botoa jaso du. Horrez gain, Goirizelaiak argitu duenez,  gastu-muga malgutzearekin ez da Udalaren zorpetzea planteatzen, baizik eta "superabita erabiltzea, beharrezkoa balitz, modu arduratsu eta eraginkorrean egungo egoerari eta haren ondorioei aurre egiteko".

Azkenik, Bilboko herritarren eta sare solidarioen jarrera "eredugarria" goraipatu du Goirizelaiak, eta egungo egoerari aurre egiteko erakutsitako jarrera eta egindako lana eskertu die. "Bilboko herritarrekin gaude, haien beharrekin kezkatuta eta gure bizitzak aldatu dituen egoera honen ondorio larriei aurre egiteko lanean", gaineratu du.