AKTUALITATEA


| 2023-10-26 11:51:00

EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak 2023-2024 ikasturtean jarraituko du Bilbobuseko lineak berrantolatzeko prozesuarekin, eta, parte-hartze prozesu bat hasiko du, besteak beste, langileekin, auzo- eta sektore-elkarteekin eta erabiltzaileekin. Gobernu taldeak eta EH Bilduk transakzionatutako zuzenketa onartuta hartu dute erabakia, azken horrek aurkeztutako mozio baten ondorioz.

Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak akordio horren garrantzia azpimarratu du, hiriko mugikortasuna eta auzotarren beharrei erantzuten lagunduko duelako; izan ere, egun, oraindik auzo batzuetara garraio publikorik ez da iristen edo maiztasun eta ordutegi desegokietan egiten du.

Ildo horretan, Renedok nabarmendu duenez, "lineak berrantolatzea ez da bigarren mailako kontua, batez ere baliabide gutxien dituen jendeari, emakumeei, migranteei edota adinekoei mesede egiten dien gaia baita, bizi kalitatean eragin zuzena duena eta zor historikoa auzo askotan".

EH Bilduren ekimenez ere 2021ean udal gobernuak hiri-lineak berregituratzeko azterketa bat egiteko konpromisoa hartu zuela gogorarazi ondoren, "prozesua gehiegi luzatu" dela adierazi du, eta gaur lortutako akordioak "behingoz martxan jartzeko" balioko duela espero du.

Renedoren arabera, lineen berrantolaketa "nahitaez langileen lan-eskubideak bermatuz eta plantilla osoa mantenduz" egin behar da. Ildo horretan, udal gobernuak enpresa emakidadunaren egoerari dagokionez duen “gardentasun falta” kritikatu ondoren, zerbitzua publiko egitearen alde egin du, zerbitzu ona eta lan baldintza onak eskaintzeko berme gisa.

Azkenik, “funtsezkotzat” jo du berrantolaketa benetako parte-hartze prozesu baten bidez egitea, eta prozesu horretan langileak, auzo-elkarteak eta erabiltzaileak inplikatuta egotea. "Haiek ezagutzen dituzte zuzenean zerbitzuaren funtzionamendua eta auzoen beharrak, eta, beraz, haien ekarpenak ezinbestekoak dira zerbitzua hobe dadin". "Espero dugu gaur lortutako akordioak Bilbobuseko lineak lehenbailehen berrantolatzea ekarriko duela, gure hiriko auzo guztiek kalitatezko garraio publikoa izan dezaten", amaitu du.