AKTUALITATEA


| 2022-06-30 19:54:00

Bilboko Udalak bisita turistiko gidatuen inpaktua aztertuko du beharrezko neurriak hartzeko, EH Bilduren eta Udal Gobernuaren arteko zuzenketa bat onartu ondoren, alderdi subiranistaren mozio baten ondorioz.

Asier Gonzalez EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, akordioari esker egingo den azterlanak, “herritarren zein turismo gidarien iritzia jasoko du eta inplikatuta egongo liratekeen udal-sailek ere arautzeko modua aztertuko du, bisita turistiko gidatuak arautzeko bidean aurrera egiteko urrats garrantzitsua eta beharrezkoa, hain zuzen ere”.

Ildo horretan, azaldu duenez, Bilbon, eta batez ere Alde Zaharrean, taldekako eta gidatutako bisita turistikoen “hazkunde neurrigabearen eta arautu gabearen ondorioz, bizilagunek arazoak izaten ari dira”, izan ere, “kontuan izan behar da bisita horiek, hamarnaka pertsonak osatutakoak, askotan leku berdinetan bat egiten dutela, megafonia ere erabiliz”.

Asier Gonzalezen ustez, “ona da bisitariek Bilbo eta Euskal Herria ondo ezagutzea, eta bertako herritarrekin elkarrekintza sustatzea, baina ezagutza hori antolatu beharra dago esperientzia guztientzat izan dadin aberasgarria, ez bizilagunen kalte”.

Horrez gain, alde fiskala ere aipatu du, izan ere “beste edozein jarduera ekonomiko bezala arautu beharreko jarduera da”. “Jakin badakigu  zerga-betebeharrak zorrotz betetzen dituzten gidari onak daudela, eta haiek euren kezka helarazi digute intrusismo handia dagoelako eta free-tour eredua kontrola ezina delako tresnarik izan ezean”, gaineratu du.

Gogorarazi duenez, “beste hiri batzuk, Bartzelona edo Amsterdam kasu, arazo horretaz ohartu dira aspaldi, eta hiria bisitatzeko modua arautzea erabaki dute”. “Arazoak antzeman dituzte eta udal mailatik bisita gidatuak arautzea erabaki dute, adibidez talde bakoitzeko partaide kopurua mugatuz, megafonien ordez audio-gidak erabiltzera behartuz, gidarien udal errolda irekiz edo eremu publikoaren erabileragatik tasa bat ezarriz”, azaldu du.

Asier Gonzalezen esanetan, “tokiko administrazioak eredu turistiko jasangarrien alde egin dezake eta egin behar du, turismoaren uberizazioa ekiditeko moduak ezarriz. Gaur Bilbok hartutako erabakiak Bartzelona, Amsterdam eta beste hiri batzuetako bidean jartzen gaitu, esperientzia turistikoa hobetzeko, bizilagunekiko errespetua ziurtatuz”.