AKTUALITATEA


| 2023-09-22 13:02:00

EH Bilduk Bilboko Udalari eskatu dio euskararen kontrako oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde, datorren azaroaren 4rako manifestazioan hiritarren parte hartzerako deialdia egin dezala. Eskaera hori ostegunean, irailaren 28an, egingo den Osoko Bilkuran eztabaidatuko da alderdi soberanistak aurkeztutako mozioaren bidez.

Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak "kezkagarritzat" eta "larritzat" jo du Espainiako Konstituzio Auzitegiak Udal Legearen aurka emandako epaia, “udalek beren egunerokoan euskara bakarrik erabiltzeko aukera ukatzen duena, euskara normalizatzeko eta biziberritzeko prozesuari oztopo egiten diolako, udalek helburu horren alde bideratzen dituzten hizkuntza-politikak erabat mugatzen dituelako”.

Del Riok adierazi duenez, epai horrek "euskara bigarren mailako hizkuntzatzat hartzeaz gain, herri honetarako beharrezkoak diren hizkuntza politikak mugatzen ditu eta euskara normalizatzeko eta biziberritzeko bidean atzera egiten du".

Ildo horretan, gogoratu duenez, Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain baliogabetutako Udal Legea. Era berean, gogoratu du azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi duela gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. “Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada”, nabarmendu du.

Del Rioren ustez, epai hau “oldarraldi judizial zabalago baten parte” da, “hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatutakoa, hain zuzen ere”. Euskalgintzako eragileek kezka horren berri eman zuten joan den maiatzaren 10ean, eta herritarrei dei egin zioten azaroaren 4an oldarraldi honen aurka, baina, batik bat, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera. “Espero dugu gai honetan adostasuna lortzea eta Bilboko Udalak bilbotarrei manifestazioan parte hartzeko deia egitea, guztion hizkuntz eskubideak jokoan baitaude”, esan du.