AKTUALITATEA


| 2022-11-24 15:29:00

EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak, Soziolinguistika Klusterraren laguntzarekin, gure kaleetan euskararen erabilera indartzeko neurri eraginkorrak sustatuko ditu 2023an. Akordio hau lortzeko EH Bilduk eta gobernu taldeak zuzenketa bat erdibidetu dute, alderdi soberanistaren mozio baten ondorioz.

Alba Fatuartek, EH Bilduko zinegotziak, adierazi du akordio hau positiboa dela, euskararen erabilera sustatzeko neurriak “premiazkoak” baitira egun bizi dugun testuinguruan. Ildo horretan, gogorarazi du Soziolinguistika Klusterrak 2021ean  kaleetako hizkuntza erabileraren neurketaren emaitzek agerian uzten dutela Bilbon azken hamarkadan euskararen presentzia murriztu dela eta, horren aurrean, berehalako neurriak hartu behar direla.

Izan ere, Hizkuntza erabileraren kale-neurketaren emaitzen arabera, Bilbon euskararen kale erabilera %3,5ekoa da, duela 10 urte %4,3koa zenean, hau da, euskararen presentzia Bilboko kaleetan txikiagoa da gaur 90eko hamarkadan baino. “Horrek kezka handia sortu du Bilboko euskal komunitatean, eta euskalgintzako eragileek helarazitako mezuaren arabera, egoera horri buelta eman nahi badiogu, erabakiak hartzeko unea iritsi da, bakoitzak bere erantzukizunetik eta elkarrekin lan eginez”, adierazi du EH Bilduko zinegotziak.

Fatuarteren ustez, “ezinbestekoa” da neurri horietako batzuk egiturazkoak izatea, hala nola euskararen udal ordenantza edo euskara ikasteko laguntzen unibertsalizaziorantz urratsak ematea. Hala ere, beste neurri puntual batzuk ere beharrezkotzat jo ditu, betiere azterlanen emaitzetan oinarrituta, eta, testuinguru horretan, EH Bilduk "Parkean euskaraz" proposamena aurkeztu zuen.

“Norabide berdinean gaudela kontuan hartuta, zuzenketa hau adostu dugu; izan ere, udal taldeok euskalgintzako eragileekin batera, ibilbide-orri bat ezarriko dugu, anbizioko helburu zehatzak eta helburu horiek gauzatzeko konpromiso serioa agertuko dugu, guztion artean euskarari bultzada handia emateko gure hirian», nabarmendu du.