AKTUALITATEA


| 2025-03-18 11:38:00

EH Bildu udal taldeak Bilboko Udal Eskola Kontseiluan talde guztiek ordezkaritza izatea eskatu du. Helburua da gobernantza kooperatiboa bermatzea eta hiriko hezkuntza-esparruko erronkei aurre egiteko erabakiak hartzeko gaitasuna izatea. Horretarako EH Bilduk martxoko osoko bilkuran eztabaidatuko den mozioa aurkeztu du. 

"Ez da bidezkoa bilbotarron ordezkariok prentsaren bidez ezagutzea zer gertatzen den hezkuntza bezalako eremu garrantzitsu batean. Eta hori da gaur egun gertatzen dena. Ezinbestekoa deritzogu Bilboko Udal Eskola Kontseiluan egotea, gobernu-taldea dagoen bezala", adierazi dute gaur prentsaurrekoan Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak eta Nerea Undabarrena zinegotziak. 

Undabarrenak hezkuntza-komunitateak dituen erronkak azaldu ditu, eraikinen mantentze-lanetatik hasita, udalaren eskumena direnak, alegia. Ildo horretan, udal ondarea diren eskola publikoetako eraikinek dituzten beharrizanak ezagutzera eman ditu.

Adibide gisa, Atxuriko eskola aipatu du. Bertan, teilatu-hegaletan luiziak izan dira eta ikasturtea behin hasita zegoela 141 ikasle lekualdatu behar izan dituzte. "Eta hori gertatzen da, besteak beste, Udalak ez duelako bere ondarea ikuskatzeko eta mantentzeko plan estrategikorik, ulertezina da", adierazi du. 

Halaber, gogorarazi du Bizkaian 30 bat ikastetxek itxi edo bat-egitera behartu dituztela, eta horrek zuzenean eragiten diola eskola-mapari. "Bilbon ere gertatu da, Pio Baroja ikastetxea Txurdinagakoarekin bat egitera behartuz, eta beste ikastetxe publiko batzuetan, Tomas Camacho eskolaren kasuan adibidez, kezka nabaria da", gaineratu du. 

Horregatik guztiagatik, Del Riok iragarri du martxoko udalbatzan eskatuko dutela alderdiek ordezkaritza izatea Bilboko Udal Eskola Kontseiluan. "Ez da aldaketa teknikoa eskatzen duguna, egiteko eta lan egiteko moduetan aldaketa sakona baizik", argitu du, eta EH Bilduk gobernantza kooperatiboan sinesten duela gaineratu du. 

"Udal Eskola Kontseiluek Hezkuntza Lege berriarekin eskuratutako eskumenei esker, erakunde horiek erabakiguneak dira hiribilduaren egungo eta etorkizuneko gai garrantzitsuetarako, hala nola eskola-mapetarako", azaldu du EH Bilduko bozeramaileak. Del Riok gogorarazi du, Gasteiz bezalako hirietan, oposizioko taldeek modu eraginkorrean parte hartzen dutela kontseilu horietan. "Gure hiriari dagokionez, talde politikoen eskaera historikoa da", adierazi du. 

Ildo horretan, honako galdera hau egin du: "Nor egon daiteke talde politikoek Eskola Kontseilua bezalako foro garrantzitsu batean parte hartzearen aurka? Zergatik?". "Argi eta garbi diogu, gardentasun, demokratizazio eta eraginkortasun kontuengatik, parte-hartzea zabaltzea erabaki positiboa da", azpimarratu du. 

Del Riok ziurtatu duenez, EH Bilduk ez du "izen edo espazioen batuketa" nahi ekimen honekin, baizik eta "formak eta metodologia aldatzea, Udal Eskola Kontseilua elkarrizketarako eta parte hartzeko tresna erabilgarri eta baliotsu bihur dadin, gure hiriko hezkuntza politika publikoen plangintzari eta garapenari dagokionez".