AKTUALITATEA


| 2022-08-29 12:35:00

Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilboko udal taldeko bozeramaileak, nabarmendu duenez, Bilboko Konpartsek egindako lan bikainari esker, Aste Nagusia “arrakastatsua” izan da. "Pandemiaren ondorioz bi urtez festarik gabe egon ondoren, Bilboko kaleak adin guztietako jendez gainezka ikusi ditugu, Aste Nagusiak eskaintzen dituen ekintzekin gozatzen", adierazi du.

Eta hori, esan duenez, “neurri handi batean ehunka konpartsakidek jai herrikoi, parte-hartzaile eta parekideak lortzeko egindako lan boluntario ikaragarriari zor zaio, berriro ere Bilboko jaiak mundu osoan bakarrak izatea lortu baitute”. "Argi geratu da jai eredu honek babes handia duela eta, lan horri guztiari esker, Aste Nagusia gure hirian eragin handiena duen ekitaldia dela", nabarmendu du.

Goirizelaiak Aste Nagusian gertatu diren eraso matxista, arrazista eta LGTBIfobikoak salatu ditu eta horien aurrean Bilboko Konpartsen jarrera nabarmendu du, protokoloa aktibatu baitu bi alditan, erasoen aurrean elkarretaratzeak deituta.

EH Bilduk kritikatu duen beste gaietako bat segurtasuna izan da. EH Bilduk Segurtasunaren aldeko Ituna sinatu zuen, herritarrengandik hurbil dagoen udaltzaingoaren eta prebentzioan oinarritutako eredua jasotzen duena. Goirizelaiaren ustez, “eredu hori zalantzan gelditu da Aste Nagusian bizi izan diren egoera batzuen ondorioz; izan ere, Atxuri Harrera Harrera elkarteko kideak identifikatzerakoan eraso arrazistak izan dira”. "Kasu honetan ere, Bilboko Konpartsek modu eraginkorrean erantzun dute protokoloa aktibatuz", gaineratu du.

Era berean, Udalak Vista Alegre plaza publikoan zezenketak egitea bultzatzen jarraitzea salatu du EH Bildu Bilbok. Taldeak kritikatu egin du zezenketak Aste Nagusiko programa ofizialaren bidez iragarri izana, eta gaineratu du “Bilboko herritarrek agerian utzi dutela ez dutela zezenketarik nahi”.

Azkenik, Goirizelaiak adierazi du jaiaz gain, Aste Nagusia aldarrikapen gunea ere dela. Ildo horretan, Pentsiodunen Mugimenduak, Mugimendu Feministak, Sarek eta Basurtuko ospitaleko langileek deitutako mobilizazioak nabarmendu ditu, herritarren babes zabala jaso baitute.