AKTUALITATEA


| 2022-09-15 14:36:00

Datozen hamar egunetan Bilbon ospatuko den Europako Multikirol Txapelketaren harira, Bilboko EH Bilduko bozeramaile Jone Goirizelaiak adierazi duenez, “inkoherentea da Udalbatza 2021ean euskal selekzioen alde ageriki agertzea eta, orain, Udal Gobernuak kirolariei Euskal Herriko koloreak janztea debekatzen dien ekitaldi bat babestu eta sustatzea”.

EH Bilduko bozeramailearen ustez, “ulertezina da EAJ buru duen Udal Gobernuak ahaleginik ez egitea euskal kirolariek piperpotoa ala frantsesa janzteko obligazioa saihestu ahal izateko”; izan ere, probetan parte hartzeko, “antolatzaileek estatu selekzioen elastikoa janztera behartu dituzte kirolariak, selekzioen arteko lehiaketa izan ez arren”.

Goirizelaiak salatu duenez, “arduradun politiko batzuk euskal selekzioaren alde harro azaltzen dira eta, aldi berean, aukera hori debekatzen duten ekitaldiak antolatzeko prest daude”. "Inpaktu ekonomikoaren izenean, Udal Gobernuak udal baliabide asko eta dirutza eskaini dizkio jarduera honi, gure koloreak defendatzen dituzten kirolarien partehartzea oztopatzen dela jakin arren", gaineratu du.

Adibide gisa, ostiral arratsaldeko hasiera ekitaldia “nazioen desfile batekin” hasiko dala aipatu du, bere ustez “euskaldunontzako adarjotzea" baita. Era berean, kamiseta alternatibo bat eraman nahi duten atletak deskalifikatzeko mehatxua egiten dela ere gogorarazi du.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herriarekiko eta ofizialtasunarekiko konpromisoa Bilboko kaleetan erakusteko gonbitea luzatu die EH Bilduk kirolariei eta herritarrei. “Aukera paregabea dugu Europaren aurrean gure nortasuna aldarrikatzeko; munduari erakuts diezaiogun nazio bat garela», nabarmendu du.