AKTUALITATEA


| 2022-10-24 11:17:00

EH Bildu Udal-taldeak mozio bat erregistratu du datorren osteguneko Osoko Bilkurarako, Udal Gobernuak Bilboko Emakumeak Ahalduntzeko Eskola abian jar dezan, hausnarketarako eta prestakuntzarako gune gisa, barruti guztietara iritsiko den urte osoko programa bat eskainiz.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak gogoratu duenez, jabekuntza-eskolek emakumeen eraldatze-prozesuetan garrantzi handia izatez gain, udalerri askotan arrakasta handia izan dute. Eskola horietan eraldaketa-prozesu indibidual eta kolektiboak bizi izan dituzten emakumeek adierazi dutenez, eskola horietatik igarotzea funtsezkoa izan da, bai kontzientzia feminista hartzeko, bizitza publikoan presentzia handiagoa izateko, beste emakume batzuekin topo egiteko, eta hausnarketa kritikoa zein trebetasunak garatzea ahalbidetu dizkieten baliabideak eskuratzeko.

Aldiz, Fatuartek uste du Berdintasun Arloak ahalduntzearen esparruan garatzen dituen programek “ez dituztela betetzen Bilboko Udala bezalako erakunde batek ezarri beharko lituzkeen helburuak”. Azaldu duenez, Berdintasun Sailak 30 urte daramatza “Bilboko Emakumeen Tailerrak” antolatzen, baina “ez du emaitza handirik lortu”; izan ere, EH Bilduk eskatutako datuen arabera, azken edizioan 292 emakumek bakarrik eman dute izena 8 tailer horietan, eta horien eskaintza ez da Bilboko barruti guztietara ere iristen.

Prezioen politikari dagokionez, Fatuarteren esanetan, “gehiegizkoak” dira; izan ere, tailer horietan izena emateko ohiko tarifa 87.30 eurokoa da, nahiz eta murrizketak egon  langabeentzat, erretiratuentzat edo pentsiodunentzat, bai eta DSBE edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dutenentzat ere. Hori dela eta, EH Bilduk bere proposamenean jaso du egungo tarifak beherantz berrikusi behar direla, eskaintzaren zati handi bat doakoa izatea bermatu behar dela eta murrizketen onuradunen artean kolektibo berriak sartu behar direla, hala nola guraso bakarreko familien buru diren emakumeak.

EH Bilduko zinegotziaren ustez, “Bilboko Emakumeentzako Jabekuntza Eskola bat sortzeko unea iritsi da, urteko programazio anitza, erakargarria eta irisgarria eskainiko duena hiriko emakume guztientzat”. Horretarako, “anbizio handiko” proiektu batean bildutako eskaintza baten aldeko apustua egin du, “Bilboko auzo guztietara iritsiko dena, publiko desberdinak erakarri nahi dituena, eta bitarteko elektroniko zein fisiko ugariren bidez biziki iragarri eta zabalduko dena”.