AKTUALITATEA


| 2022-01-27 09:25:00

Bilbok, EH Bilduren ekimenez, ‘Bizikletan adinik gabe’ programaren esperientzia pilotu bat jarriko du abian, mugitzeko zailtasunak dituzten adinekoek bizikletan paseatzeko aukera izan dezaten. EH Bilduk eta gobernu taldeak adostutako zuzenketa bat onartu ondoren jarriko da abian programa, alderdi subiranistak aurkeztutako mozio baten ondorioz.

Bruno Zubizarreta zinegotziak gogorarazi duenez, Bilboko biztanleen % 31 60 urtetik gorakoak dira, eta % 9a 80 urtetik gorakoak. Horrek erronka berriak planteatzen ditu, hiriko biztanleriaren zahartze mailakatuaren aurrean.

Ildo horretan, adierazi du EH Bilduk ‘Bizikletan adinik gabe’ ekimena aurkeztu duela Bilbo atxikita dagoen Adinekoekin Adiskidetsuak diren Hirien Sarearen programaren esparruan sar dadin. Programa horrek, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatuta, zahartze aktiboa, parte-hartze soziala eta segurtasuna sustatzen ditu, zahartu ahala pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.

Zubizarretak gogora ekarri duenez, 2012an jaio zen Danimarkan ‘Bizikletan adinik gabe’ izeneko programa, eta mundu osoko 500 hiritan baino gehiagotan finkatu da; horien artean daude Donostia, Gasteiz eta Iruña, eta orain, EH Bilduren mozioari esker, Bilbo ere sartuko da.

Zerbitzu honen erabiltzaileetako baten esperientzia positiboa kontatu ondoren, azaldu du, zerbitzu honen bitartez, adinekoek aldez aurretik ezarritako ibilbide batzuk egiten dituztela, triziklo elektrikoetan egiten direnak, bizikletaz paseatzeko aukera ematen dietenak, eta gidariekin belaunaldien arteko lotura ezartzen dutenak.

Azken batean, Zubizarretak azpimarratu du mugikortasun jasangarrirako eta aisialdi osasungarrirako proposamen bat dela, gure adinekoentzat bizi-kalitatea hobetzen duena. Hori dela eta, albiste ontzat jo du akordioa, eta akordio horrekin beste urrats bat egiten lagunduko dugu, Bilbo adinekoekin hiri adiskidetsua izan dadin.