AKTUALITATEA


| 2022-08-05 12:13:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Bilbobus, Bilboko hiri garraioko udal zerbitzuan, 12 urtetik beherakoentzako doakotasuna ezartzeko eskatuz.

Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, lehengaien garestitzeak, energia-krisiak eta inflazio altuak baldintzatutako egungo koiunturak erakunde publikoek “egoerari aurre egiteko hainbat neurri hartzea eskatzen du, besteak beste, garraio publikoaren erabilera sustatzea”.

Ildo horretan, azaldu duenez, EH Bilduk, beste proposamen batzuen artean, Eusko Legebiltzarrean garraio publikoaren doakotasuna ezartzea proposatu du 12 urtetik beherakoentzat. “Ekimen horrek garraio publikoaren erabilera sustatzeko balioko du, eta, aldi berean, beharrezkoa da, aurrean dugun erronka demografikoa kontuan hartuta”, nabarmendu du.

Bilbori dagokionez, gaur egun, sei urtera arteko haurrek doan bidaiatu dezakete Bilbobusen, eta doakotasuna 12 urtera arte zabaltzearen alde agertu da Zubizarreta. Esan duenez, neurri hori bat dator Bilbo haurtzaroko udalerri adiskidetsuetakoa izatearekin.

EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, gure inguruko hiriek, hala nola Gasteizek, neurri hori martxan jarriko dutela iragarri dute, eta Bartzelonan edo Sevillan esaterako, hiriko garraio publikoaren doakotasuna ezarri dute 12 urtetik beherakoentzat.

Beraz, nabarmendu duenez, “beharrezkoa” da Udalak, bere eskumenen esparruan, neurri hori Bilboko Hiri Garraioko Udal Zerbitzuan (Bilbobus) ezartzea, “mugikortasun jasangarria sustatzeko eta hobetzeko bide berriak irekitzeko, eta, aldi berean, erronka demografikoari aurre egiteko”.