EH Bildu Bilbok ekitaldi soziala egin du Bilboko trantsizio ekonomiko, sozial eta urbanorako oinarriak aurkezteko. Horren bidez, euskal ereduaren aitzindari bihurtuko da, munduari lotuta. "Bilbo Biziberritzeko Bidean 2040" asmo handiko plana da, gizarte-berrikuntzako 5 ekosistematan egituratua (Komunitarioa, Merkataritza, Kulturala, Digitala eta Eko-soziala). “Hiriaren erronkei aurre egiteko benetako belaunaldi-erronka”, nabarmendu du Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaiak.
Bilboko arlo sozial, akademiko, ekonomiko eta kulturaleko hainbat pertsona bildu dituen ekitaldi batean egin ditu del Riok adierazpenak. Horien artean, EH Bilduren babes zabala izan du, hala nola, Oskar Matute Kongresuko diputatua, Idurre Bideguren senataria, Julen Arzuaga, Jasone Agirre eta Ikoitz arrese legebiltzarkideak, Ander Rodriguez Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatu ohia eta Iker Casanova ahaldun nagusirako hautagaia, beste askoren artean.
Bertan, EH Bilduren alkategaiak adierazi du “2040ko Bilbo amesteko prest gaudela. Beraz, belaunaldien arteko erronka da. Orain gure kaleetan lehen pausoak ematen hasten direnak denbora-tarte horretan adin-nagusitasunera iritsiko dira, eta hiri atseginago eta bizigarriago batean haztea nahi dugu”.
Euskal errealitateak Bilbori ematen dion potentzialaz baliatu beharra ere nabarmendu du del Riok, Bilboko marka euskal errealitateari bizkarra emanez eraikitzeko egun egiten diren ahaleginen aurrean. “Gure apustua da Bilbo euskal berrikuntzaren ereduaren aitzindaria izatea, munduari lotuta, baina gure nortasunaren eta kulturaren potentzialaren izpi guztiak aprobetxatuz”, azpimarratu du.
Geldituta
EH Bilduren hautagaiak ohartarazi du Bilbo “geldituta” dagoela, “kudeaketa ezaren eta epe laburreko ikuspegiaren ondorioz”. Ildo horretan, gogorarazi du hainbat adierazlek erakusten dutela Bilbon desberdintasunak areagotu baino ez direla egin azken urteetan. “Bilbo metropolitarra Europa osoan gazteen langabezia-tasa handiena duten hiriguneen artean dago. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera Bilbo pobrezia gehien duen hiria da. Ranking horien buru ez dugu izan nahi”, adierazi du.
Azkenik, Maria del Riok herritarrak ahaldunduko dituen gobernantza-eredu baten aldeko apustua egin du, benetako partaidetzarako espazioekin eta bizilagunak eta elkarte-mugimenduak aberastuko dituena euren inguru eta bizitzetan eragina duten erabakietan. “Imajinatu zer lortuko genukeen beste gobernantza-eredu bat izango bagenu. Oztopoak jarri beharrean, bultzatu; lankidetzan aritzea, mespretxatu beharrean; zubiak eraikitzea, eta ez harresiak, herritarren eta administrazioaren artean. Horizontalean eraiki behar dugu, orain arte bezala bertikalean egiteak lehendik zeuden gizarte-arrakalak areagotu eta zabaldu besterik ez duelako egiten”, nabarmendu du.