AKTUALITATEA


| 2023-11-28 14:10:00

Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak kritikatu du Udal Gobernuak, "beste behin ere, ziklo aldaketari buruzko eztabaida estrukturala  eta aurrekontua berregiteko eta bilbotarren bizitza hobetzeko benetako negoziazioa saihestu dituela". “Ateak itxita egindako aurrekontuak dira, tarta, gobernuko alderdien artean banatuz eta oposizioko taldeei apur batzuk emanez, estrategikoki baino gehiago motibazio estetiko batek onartutako emendakinen bidez", kritikatu du.

Del Riok adierazpen hauek egin ditu gaur Udalbatzan, aurrekontu proiektua eztabaidatu denean. Bertan adierazi duenez, “jarraipenean eta errepikapenean geratzen diren aurrez prestatutako kontuak dira, aurreko urteetakoen copy & paste bat, berrikuntzari, anbizioari edo ilusioari uko egiten diotenak”

"Gobernu Taldeak aurrekontua Bilboren historiako handiena balitz bezala saltzen badigu ere, titular horrek, Bilbainada bat baino haratago, ez du askoz gehiago atzean", adierazi du Del Riok. Jarraian honako galdera egin du: "nola azaldu Bilborentzat estrategikoak diren partidak daudela zaintzen arloan, adibidez, iazko partida berdinak badaude?. Badakigu zer esan nahi duen copy & paste horrek; izan ere, praktikan, inflazioaren ondorioz, partida horiek dirua eta, beraz, eraginkortasuna galtzen dute", adierazi du.

EH Bilduren bozeramaileak gogorarazi duenez, EH Bilduk 39 milioi euroko 32 zuzenketa partzialen proposamena aurkeztu du, eta “kopuru hori ez da edonola erabaki, udal gobernuak berak planteatzen duen aurrekontuaren hazkundearekin bat baitator". "Diru horrekin frogatu dugu zuzenean eragin dezakegula bilbotarren bizi-kalitatean. Are gehiago, erdibidetutako 700.000 euro baino gutxiagorekin egin badugu, imajina dezagun 39 milioiekin! Baina negoziatu beharrean, gehiengoa inposatu digute", kritikatu du.

Erdibidetutako zuzenketak

Ildo horretan, Karlos Renedok gogorarazi du EH Bilduk proposamen errealista bat landu duela sei ardatz estrategikotan oinarrituta. “Udal Gobernuak aurrekontua hobetzen duten eta hiriarentzat garrantzitsuak diren gure proposamenetako batzuk onartu dituen arren, apurrak banatzen ditu, EAJ-PSE koalizioaren barne oreken beharraren arabera".

 

Horren harira, Renedok azaldu du, EH Bilduren zuzenketei esker, auzoetako jaietarako partida bikoiztuko dela. "Nahiz eta kopuru hori hutsala izan makro ekitaldietan egindako inbertsioarekin alderatuz gero, jai-batzordeentzat eta horietan lan egiten duten pertsonentzat oso garrantzitsua da, auzoetako jaiak hiriko traktore ekonomikoa ere badirelako”, esan du.

Gainera, azpimarratu duenez, “100.000 euroko partida sinboliko bat berreskuratuko dugu eskola inguruneetan obrak egiteko, nahiz eta ia milioi bat euro eskatzen genuen txikienen segurtasuna bermatzeko”. "Zaintzen ardatzari dagokionez, zaintzaile ez-profesionalentzako Zaintzea programara bideratutako partida handitzea lortu dugu, baina ez dizkigute onartu Etxez Etxeko edo oinarrizko gizarte-zerbitzuentzat garrantzitsuak diren partidak, besteak beste", adierazi du.

Euskarari dagokionez, Renedok zehaztu du euskara ikasteko dirulaguntza 100.000 euro handituko dela, eta pozik agertu da, halaber, Bilbon kulturartekotasuna sustatzeko adostutako partidarekin, euskara inklusibotasunaren ardatz hartzen baitu. EH Bilduren zuzenketei esker, Zinegoaken partida ere handituko da.

Trantsizio energetikoari dagokionez, EH Bilduko zinegotziak azaldu du energia berriztagarrien udal merkaturatzaile bat garatzeko bideragarritasun-azterketa egitea adostu dutela. Horrez gain, Surbisak bizilagunen komunitateetan energia berriztagarriak instalatzeko dirulaguntzak emango dira, gure ekimenez. Tokiko merkataritza sustatzeko, gure hirian merkataritza-haztegi bat bultzatu nahi duen proiektu pilotu bat abian jartzeko partida ere adostu dutela azaldu du.

"Akordio garrantzitsuak dira, ez dugu zalantzarik, baina kanpoan geratzen dira hainbat ardatz garrantzitsu, hala nola etxebizitza. Nahiz eta etxebizitza arazo estrukturala izan Bilbon, ez dituzte gure zuzenketak onartu eta aurrekontuan gutxietsitako arloa da. Auzoetan irisgarritasun-plan bat egiteari eta zor historikoa den emakumeen etxea egiteari ere uko egin diote”, adierazi du Renedok.  

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk aurrekontu proiektuaren aurka bozkatu du. "Irekita gaude egiturazko eztabaida bat izateko eta Bilbo, auzoak, merkataritza..., azken batean, bilbotarren bizi-kalitatea hobetuko duten ardatz estrategikoak garatzeko. Aurrekontu hauek mahai gainean ditugula, urrun gaude horretatik, baina lanean jarraituko dugu, oposiziotik Bilbo hobe bat proposatzen eta eraikitzen”, nabarmendu dute.