AKTUALITATEA


| 2019-11-05 12:14:00

Udal Gobernuak 2020rako aurrekontu proiektuaren aurkeztu ondoren, EH Bilduk lehen balorazio bat egin du. EH Bilduren ustez, aurkeztutako aurrekontua “epe laburrera begira dagoen proiektu bat da eta bilbotarren benetako beharrizanei ez dio erantzuten”.  “Aurrekontu berdinak dira, Udal Gobernu talde berdinak egindakoak, gauza bera, beste urte batez”, adierazi du EH Bildu Bilbok.

“Alkateak modu triunfalistan aurkeztutako aurrekontuak berriro ere erdigunean proiektu erraldoiak jartzen ditu eta ez pertsonak, bereziki egoera txarrenean dauden pertsonak, izan ere, Gizarte Ekintzako Sailak ez ditu beharrezkoak diren baliabideak, dauden beharrizanei erantzun egokia emateko”, adierazi du.

Ildo horretan, EH Bildu Bilbok gogoratu duenez, “alkateak aurrekontu hauek pertsonak erdigunean jartzen dituztela esaten duenean, udal zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresentzat lan egiten duen langileekin ahazten da, langile horiek lan baldintza oso txarrak dituztenean”. “Esate baterako, udal zerbitzua den Bilbao Kirolak-eko 400 langileak greba egiten ari dira udal gobernuari lan baldintza duinak eskatzeko eta, bitartean, Udal Gobernuak beste alde batera begiratzen du”, gaineratu du.

Aurrekontu partehartzaileei dagokienez, EH Bilduk aurrekontuetara 325 herri proposamen aurkeztu dituztela adierazi du. “Horietatik Udal Gobernuak 10 aukeratu ditu eta, gainera, horiek Obretako eta Hiri Plangintzako Sailak edota Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Sailak egikaritu behar zituzten, adibidez, zubi baten asfaltatze lanak”, esan du. Horrez gain, bere ustez,parte hartzea erreala izan beharko litzateke eta herritarrek erabaki beharko lituzkete zeintzuk diren egiten diren proiektuak eta ez udal gobernuak inposatu”.

Bestalde,  EH Bildu Bilboren esanetan, “Berdintasun arloa sortu dutela saltzen digute, baina benetan garrantzitsua  aurrekontu guztiak arlo guztietan berdintasuna bermatzen duten frogatzea da”.

“EH Bildu Bilbok emendakinak aurkeztuko ditugu aurrekontuaren gabezia guztiak zuzentzeko, bilbotarren bizi kalitate maila hobetzeko helburuarekin, bestea beste, arlo soziala eta auzoak azpimarratuz”, adierazi du.