AKTUALITATEA


| 2024-08-26 10:56:00

Maria del Riok, EH Bildu Bilboko udal taldeko bozeramaileak, eta Garazi Perea zinegotziak Aste Nagusiaren “arrakasta” goraipatu dute, “herritik eta herriarentzat sortutako jaia baita, Bilboko konpartsek eta bilbotarrek egiten duten lan eta ahalegin komunitarioari esker”.

Perearen esanetan, Aste Nagusiari hasiera “ezin hobea eman genion Itziar Ituñoren pregoiarekin eta Nagore Ugarteren txupinarekin”. “Bederatzi egunetan adin guztietako pertsonek ekimen ezberdinekin gozatu ahal izan dute Bilboko kaleetan, hiria jaiaz, poztasunez, aldarrikapenez eta elkartasunez betez eta euskara erdigunean jarriz”, adierazi du.

Garazi Perearen ustez, hori guztia posible bada “ehunka konpartsakidek jai herrikoi, parte-hartzaile, euskaldun eta parekideak lortzeko egiten duten auzolanari esker da”. “Bilboko Konpartsen borondatezko lanari eta milaka bilbotarren elkarlanari esker, Bilboko jaiak bakarrak dira munduan”, azpimarratu du.

EH Bilduko zinegotziak adierazi du Aste Nagusia urtean zehar Bilboko herri mugimenduen aldarrikapenen eta borroken isla dela. “Pentsiodunen Mugimenduak, Mugimendu Feministak eta Sarek deitutako mobilizazioak, besteak beste, herritarren babes zabala jaso baitute eta Palestinarekiko elkartasuna ere oso presente izan dugu jaietan”, adierazi du.

Zezenketen gaia ere aipatu du Garazi Pereak. Bere esanetan, “nahiz eta aurten Udal Gobernuak berriro ere  jai programan sartu dituen, beste behin argi gelditu da bilbotarrok zezenketarik ez dugula nahi, izan ere, nabarmena izan da Vista Alegren izandako publiko eskasa”. “Plaza publiko horri beste erabilera bat ematea beharrezkoa da”, esan du.

Segurtasuna

Segurtasunari dagokionez, zoritxarrez, Aste Nagusiak “alde ilunak” izan dituela deitoratu du Maria del Riok. Ildo horretan, manteroen kontrako jardun polizialak aipatu ditu, “guztiz neurriz kanpokoak eta jai eredu herrikoia kolokan jartzen dutenak”.

Era berean, jardun horiek  hurbileko polizia ereduaren guztiz kontrakoak direla  adierazi du bozeramaileak. “Gertaera horiek uztailean sinatu berri dugun Segurtasun Itunaren logikaren kontra doaz. Amaia Arregik arduraz jokatu behar du, jardun polizialak itunaren filosofiarekin bat etortzeko”, esan du.

Egoerari irtenbidea bilatzeko, Juan Mari Aburto alkatearekin batzar urgentea deituko dutela aurreratu du.  “Manteroen egoerari erantzun bat eman behar zaio eta erantzun hori politikoa eta soziala izan behar da, ez poliziala”, nabarmendu du.  

Azkenik, jaietan gertatuko eraso matxistak salatu ditu eta horien aurrean Bilboko Konpartsen jarrera nabarmendu du “eredugarria izan baita”. Eraso matxistak jai eremuan zein horren kanpo gertatu arren, Bilboko Konpartsek protokoloa aktibatu dute bi alditan erasoak momentuan kudeatuz eta elkarretaratzeak deituz.