AKTUALITATEA


| 2025-01-30 15:46:00

Artisauei zuzenduta, sorkuntza eta ekintzailetzarako lantegi gune bat jarriko du martxan Bilbok, EH Bilduk Udalbatzan aurkeztutako mozioa onartu ondoren. Garazi Perea zinegotziak nabarmendu duenez, ekimena "oso positiboa" da, "negozio berriak garatzeko aukera emango baitio gaur egun zailtasun handiak dituen sektore bati, izan ere, makineriaren eta lokalen kostuak oso handiak dira, artisauek hainbat bileratan adierazi diguten bezala". 

Pereak azaldu duenez, artisauek "tokiko nortasunaren funtsa ordezkatzen dute, teknika tradizionalak ideia berritzaileekin konbinatzen dituzte, tokiko merkataritza bultzatzen dute eta komunitate-ehuna indartzen dute". Horregatik, "oso garrantzitsutzat" jo du espazio hori sortzea. 

"Bilbon ekosistema sortzaile garrantzitsua dugu, eta hori, besteak beste, Harategi Zahar kalean eta inguruetan, San Adrian auzoko klusterrean eta UPV/EHUko Zeramika Masterretik eratorritako proiektuetan ikusi dezakegu. Gaur onartutako espazioak ekosistema hori aberasten eta indartzen lagunduko du", nabarmendu du. 

EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, gure hirian sormena eta ekintzailetza bultzatze aldera, "funtsezkoa" da "proiektu berritzaileak eta propioak martxan jartzea, lokalei bizia emango dieten espazioen bidez, eta, hain zuzen ere, artisauei zuzendutako sorkuntzarako eta ekintzailetzarako lantegi-guneak helburu horiek lortzen lagunduko du". "Gainera, ideiak loratzeko eta komunitatean eragin positiboa sortuko duten ekimenak abiarazteko topagune bihurtzeko xedea du", azpimarratu du. 

Biribilko 

EH Bilduk politika kulturalak  eta euskara sustatzeko hainbat ekimen aurkeztu ditu Osoko Bilkuran. Euskarari dagokionez, EH Bilduri esker, Biribilko proiektua indartuko da, Bilboko merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzea helburu duena, gobernu taldearen eta alderdi subiranistaren artean transakzionatutako zuzenketa bat onartzearen ondorioz. 

Horrela, Udal Gobernuak konpromisoa hartzen du Biribilko programari etengabeko jarraipena emateko ardura duten sail guztiek euskarazko bizitzaren unibertsoarekin dauden baliabide eta tresna guztien berri eman dezaten, horretarako egiten diren liburuxkak lizentzia eskatzen duenari banatuz. 

Era berean, Biribilko programa hiribildu osoan zabaltzeko aldizkako kanpainak egingo dira, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko programekiko koordinazioa areagotuko da. 

Patxi Xabier Fernandez EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "gure hizkuntza paisaia aldatze aldera aurrera egitea ahalbidetuko duen akordioa da, horretan gure ostalaritza establezimenduek eta dendek eragin handia baitute". 

Fernandezek hiri bateko hizkuntza-paisaiaren garrantzia azpimarratu du, hizkuntzaren erabilera hainbat eremutan islatzen duelako eta testuinguru soziolinguistikoari buruzko informazioa ematen duelako. "Hizkuntza-paisaian erabiltzen diren hizkuntzek hizkuntza-taldeen boterearen, estatusaren eta ekonomiaren isla ere badira. Udalak ekimena hartu behar du", gaineratu du. 

Azaldu duenez, Euskal Herrian egindako ikerketen arabera, hizkuntza paisaian gaztelania da hizkuntza nagusia, %80 eta % 95 bitarteko presentzia baitu errotulu eta testuetan. Euskararen presentzia %34 eta %50 bitartekoa da; ingelesaren presentzia, berriz, gero eta handiagoa da, %9 eta %28 artekoa, eta askoz gehiago erabiltzen da. "Datu horiek agerian uzten dute neurriak hartzeko beharra, eta gaur lortutako akordioa norabide horretan doa, hain zuzen ere", adierazi du. 

Euskarazko kultur eskaintza eszenikoa 

Biribilkoren inguruan akordio bat lortzea posible izan bada ere, udal gobernuak uko egin dio udal kultur zentro bakoitzaren eskaintza eszeniko-kulturala gutxienez elebiduna izan dadin urratsak emateko aurkeztutako proposamenaren inguruan akordio bat lortzeari, Nerea Undabarrena EH Bilduko zinegotziak deitoratu duenez. 

Undabarrenak azaldu duenez, 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoaren arabera, 2018 eta 2021 artean euskaraz eskainitako kultura-jarduerak %9,5 izan ziren, elebidunak %9,3, beste hizkuntza batzuetan %26.1, eta gaztelaniaz %55. "Hau da, euskarazko eskaintza eta elebiduna batuta ( % 18,8), beste hizkuntza batzuetan eskaintzen denetik urrun geratzen da, batez ere gaztelaniaz eskaintzen denetik", gaineratu du. 

Esan duenez, kultura eta hizkuntza politikek norabide berean joan behar dute: euskarak bizi duen diglosia egoerari buelta eman eta bere erabilera sustatu. "Bilbo euskarazko arte-sorkuntzarako erreferentzia-leku bihurtu beharko litzateke", azpimarratu du. 

Gobernu taldeak 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoa abian jartzeko eta euskarazko kultura sustatzeko neurriak aplikatzen jarraitzeko proposamena aurkeztu digu. Neurri horien artean dago euskarazko kultur eskaintza bultzatzea. "Ezer gutxirako balio dute planek, hitz eta asmo onek, gero gure proposamena negoziatzeko prest agertu ez badira", gaineratu du.