AKTUALITATEA


| 2020-06-17 11:53:00

EH Bildu Bilboko udal taldeak lau mozio aurkeztu ditu datorren ostegunean, ekainaren 25ean, osoko bilkuran eztabaidatzeko, eta honako gai hauek jorratzen dituzte: aire libreko aisialdirako guneak 'hondartza berdeak' sortzea; Elorrietako eta Zorrotzako airearen kalitatea zaintzeko kabinen neurketak jartzea; Seberetxeko Larrinaga jauregia udal ondarean sartzea eta LGTBIQ+ herritarren errealitateari buruzko diagnostiko bat egitea.

Jone Goirizelaiak, EH Bilduko bozeramaileak, adierazi duenez, mozio hauekin helburu ezberdinak lortu nahi dituzte, COVID 19ak sortutako beharrei aurre egiteko hirian aire libreaz gozatzeko aukerak ematea; gure osasuna eta ingurumena zaintzea, gure kultur ondarea zaintzea eta Bilbo inklusiboago baterantz aurrera egiteko alternatibak eskaintzea, hain zuzen ere.

‘Hondartza berdeak’

Goirizelaiak gogorarazi duenez, koronabirusak sortutako egoera dela eta, uda berezia izango da, igerilekuen edukiera % 30ekoa izango da eta hitzorduarekin; hondartzetarako sarbidea murriztua izango da, eta, ziurrenik, haur-parkeak itxita jarraituko dute. Gainera, egoera horrek sortutako ondorio ekonomikoak direla eta, pertsona askok ezin izango dute hiritik kanpo oporretan joan.

Horrela, mozioetako batean, EH Bildu Bilbo udal-taldeak hiri-ingurunean 'hondartza berdeak' jartzeko eskatu dio Udal Gobernuari, itzaleko eta ur nahikoko eremuekin, non herritar guztiek, familiek, adinekoek eta haurrek udaz gozatu ahal izango duten, distantziak eta segurtasun-neurriak errespetatuz.

Airearen kalitatea

Bestalde, Zorrotza, Kastrexana, Olabeaga, Deustuibarra, San Inazio eta Elorrietako herritarren bizi-kalitatean eragina duten usain txar eta airearen kalitatearekin kezkatuta, EH Bilduk proposatu du Udalak Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola Elorrietako eta Zorrotzako airearen kalitatea etengabe zaintzeko kabinen neurketak berriro jartzea, eta neurketa horietan sar dadila enpresen jardueratik eratorritako emisioen neurketa ere bai.

Goirizelaiak azaldu duenez, azken urteotan airearen kalitatea neurtzeko Zorrotzan eta Elorrietan zeuden estazioak kendu dituzte, eta horrek kutsaduraren kontrola nabarmen ahuldu du, isurketa-gune garrantzitsuak dituen eremu batean. "Premiazkoa da kabinetako neurketak berriro jartzea, bizilagunen osasuna dela eta", adierazi du.

Larrinaga Jauregia Seberetxen

Beste mozio batean, EH Bildu Bilbok txosten juridiko bat egiteko eskatu du, Seberetxeko Larrinaga jauregia udal-ondarean sartzeko dauden legezko aukerak aztertzeko; eraikina HAPOn ekipamendu-elementu gisa erreserbatzeko eta Eusko Jaurlaritzari hura babestu beharreko ondare historikoaren katalogoan sartzeko eskatzeko.

Goirizelaiak gogorarazi duenez, Seberetxe auzoko Larrinaga jauregia XVII. mendeko eraikina da eta, bere antzinatasunagatik eta forma arkitektonikoagatik, zaindu beharreko ondare kulturala da. Gainera, bere egoera dela eta, Bolintxu eta Pagasarri bailaratik gertu, naturaren interpretazio zentro bat ezar liteke bertan.

"Zoritxarrez, eraikin hau aurri-egoeran dago, eta metropoliaren hegoaldeko saihesbideko tunelaren obren ondorioz leherketek luizi gehiago eragin ditzakete bertan; beraz, beharrezkoa da eraikin hori berreskuratzea, duen balioagatik eta balio erantsi bat emateko baliabide garrantzitsua izan daitekeelako, izan ere, eremu horretan nahiko sufritzen ari dira bizilagunak, zentzurik gabeko makro-proiektu baten ondorioz", nabarmendu du.

LGTBIQ+

Azkenik, Goirizelaiak gogorarazi du, beste mozio batean Udal Gobernuari eskatzen diotela Bilboko LGTBIQ+ herritarren errealitateei buruzko diagnostiko bat egiteko, hiriko gayen, lesbianen, transexualen, bisexualen eta intersexualen elkarteekin lankidetzan, sexu- eta genero-aniztasunari buruzko neurri eta ekintza zehatzak abian jartzeko behar den informazio osoa izateko eta Bilbo inklusiboago baterantz aurre egiteko.