AKTUALITATEA


| 2022-09-29 12:02:00

EH Bilduren ekimenez, Udal Gobernuak Arriaga antzokiko ikuskizunetara sartzeko politikak aztertuko ditu, 35 urtetik beherako gazteei eta hainbat diziplina artistikotako ikasleei zuzendutako sarbide-modalitate berriak ezartzeko helburuarekin. Gobernu taldearen eta EH Bilduren artean egindako zuzenketa da, alderdi subiranistak aurkeztutako proposamen baten ondorioz.

Jone Goirizelaia EH Bildu Bilboko bozeramaileak, kulturak gizartean eta, bereziki, gazteengan dituen onurak aipatu ditu, bere “gaitasun komunikatibo eta kritikoa hobetzen, autoestimua hobetzen eta mundura zabaltzen laguntzen duelako”. Hala eta guztiz ere, bere esanetan “oro har gazte gutxi joaten da antzokietara ikuskizunak ikustera”, besteak beste, prezio altuak direla eta.

Horregatik, bere ustez, erakunde publikoek neurriak hartu behar dituzte, baita Bilboko Udalak ere, kontuan izanik Arriaga antzokia, lehen mailako programazio eszenikoa eskaintzen duena, udal antzokia dela.

Hala ere, esan duenez, “Arriaga antzokiko ikuskizunen kalitatea handia bada ere, antzerkiaren okupazioaren batez besteko ehunekoa ez da % 100era iristen, ez pandemiaren aurretik, ez ondoren”.”Izan ere, 2021ean batez besteko okupazioa % 66,18koa izan zen, 2019an % 58,1ekoa eta 2018an % 61,77koa. Eta aurreko urteetara jotzen badugu, 2010ean % 64,35ekoa izan zen, 2011n % 57,07koa eta 2012an % 65,98koa”, azaldu duenez.

Arriaga antzokiak hainbat kolektibori (adinekoei, gazteei, langabeei, familia ugariei eta dantzako profesionalei) abantailak eskaintzen dizkiela onartu duen arren, bere ustez, “Udal Gobernuak haratago joan behar du eta 35 urtetik beherakoei eta diziplina artistiko desberdinetako ikasleei horietara iristeko aukera errazteko sistema ezartzea aztertu behar du”, beste leku batzuetako antzokietan egiten den bezala, hala nola Viena, Londres eta Madrilgo antzokietan, non, adibidez, azken minutuko sarrerak eskuratzeko aukera, gazte zonaldeak edota disziplina artistiko desberdinetako ikasleentzako programa bereziak dauden.

“Gure helburua kultura gazteen eskura jartzea da, antzokiaren kultura-eskaintza hurbilduz eta ohiko aisialdiari beste aukera bat eskainiz. Era berean, helburu bikoitza dugu: publiko berriak irabaztea, gazteen interesa sustatuz”. Horrela, “oso positibotzat” jo du gobernu taldearekin lortutako akordioa.