AKTUALITATEA


| 2022-06-28 12:09:00

Udalak Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola udan ere berma ditzala Osakidetzak urte osoan eskaintzen dituen zerbitzu guztiak mantentzeko mozio bat aurkeztu du EH Bilduk ostegun honetarako osoko bilkuran eztabaidatzeko. Ekimen hau onartzen bada, Barakaldoko Udalak Lehen Mailako Arreta eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun-profesionalen kopurua handitzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari. Gainera, ekimen honen bigarren puntuak kontratazio-eredua aldatzea ere eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari, lehen mailako arretan langileen garapen profesionalerako ibilbide bat ahalbidetuko duten kontratu egonkorrak bermatzeko.

Gaur goizean egindako agerraldi batean, Maria Solar bozeramaile subiranistak ekimen hori justifikatu du kalitatezko lehen mailako arreta izatearen garrantziagatik. Pandemiak lehen arretaren beharra inoiz baino argiago utzi arren, Eusko Jaurlaritza osasun-sistema publikoa indartzetik urrun, kontrakoa egiten ari da Barakaldoko EH Bilduko bozeramailearen ustez, eta “osasun pribatuaren mesedetan, Osakidetza ahultzeko murrizketen eta planifikazio faltaren estrategiari ekin” diola Jaurlaritzak baieztatu du Solarrek. Halaber, osasun-sistema publikoaren atzerakadak gero eta nabarmenagoak izan direla salatu du, bereziki 2018tik gaur egun arte, azkenean “horren guztiaren ondorioak jasaten dituztenak herritarrak izanda”.

EH Bilduk horren adibidetzat jarri ditu Etengabeko Arreta Guneen (EAG) itxierak edo ordutegien murrizteak; osasun-zentroetan profesionalik ez izatea; edo aurrez aurreko kontsultak lortzeko zailtasuna, atzerapenak nabarmen handitzen ari baitira. Solarren ustez, hori ez da “kultura-aldaketa bat”, Sagarduy sailburuak adierazi zuen bezala, baizik eta oinarrizko eskubide baten aurkako eraso zuzena, “pertsona guztiok baitugu kalitatezko osasun-arreta publikoa jasotzeko eskubidea, eta hori da orain arriskuan dagoena”.

Ekimen hau Barakaldon Auzo Elkarteek, gizarte taldeek, eta sindikatuek sailburuaren kudeaketa eta osasun publikoan egindako murrizketak kritikatzeko hainbat elkarretaratze eta manifestazioren ostean heldu da. EH Bilduk, mobilizazio horietan parte hartuta, haien aldarrikapena udaletxera eraman du, eta osoko bilkuraren gehiengoaren babesa jasotzea espero du.