Maria Solar ezkerreko alderdi subiranistako bozeramaileak aurkeztu du gaurko Osoko Bilkurara eramango duten ekimena, Herritaren Arreta Zerbitzuko bulegoan dagoen langile faltari irtenbide estruktural bat emateko eskatuz. EH Bilduk Udal Gobernuari egoera iraultzeko eta herritarrei kalitatezko arreta bermatzeko beharrezkoak diren neurriak martxan jartzeko eskatzen dio.
Solarrek adierazi duenez, “joan den irailaren 14tik, Clara Campoamorren HAZko bulegoa itxita dago aldi baterako, langile faltagatik, eta erabiltzaileak beste bulego batzuetara birbideratzen ari dira. Eta hori irailean gertatu da, noiz eta ikasturtea hasi berri denean, noiz eta herritarrek Udalaren aurrean egin behar dituzten izapide, eskaera eta epe asko ere hazi direnean”.
“Beraz, ez gara bulego itxi bati buruz ari. Gaur egun normaltasunez eman ezin den zerbitzu publikoaz ari gara, eta beren kudeaketak egin ahal izateko beste bulego batera joan behar duten herritarrez. Hau ez da berria, baina. Urte hasieran jada salatu genituen HAZko langileen arazoak eta bulegoak irekita edukitzeko zailtasunak. Alabaina, hilabete buen ostean, egoera berarekin topo egin dugu berriro”.
“Agian herritarrek jakin beharko lukete HAZko bulego kopurua handitu direla eta orain hiru arreta-gune dituela: Herriko Plaza, Gurutzeta eta Clara Campoamor. Baina langile kopurua ez da modu berean egokitu hazkunde horretara. 11 langilek jarraitzen dute zerbitzuaren karga guztia beren gain hartzen: herritarrei aurrez aurreko arreta ematen eta atzean dagoen administrazio lan guztia kudeatzen. 2024an, HAZak 390.000 artatze inguru egin zituen, eta horietatik 137.000 baino gehiago presentzialak izan ziren”.
Maria Solarrek adierazi duenez, “langile kopurua hain mugatuta dagoenean, edozein bajak edo hutsunek ondorioak ditu. Lanpostuak betetzeko eta bulegoak irekita edukitzeko gaitasun txikiagoa dago. Eta azkenean, arazoak ardura gutxien duenari eragiten dio: herritarrei. Egia da lau lanpostu huts egonkortze prozesutik eratorritako EPE baten bidez betetzea aurreikusita dagoela. Eta ondo iruditzen zaigu. Plaza horiek bete egin behar dira. Baina horrek, besterik gabe, plantilla mugatu baten zati bat berreskuratzea dakar. Abiapuntura itzultzea da, arazoa errotik ez konpontzea”.
“Jakin behar duguna da ea egungo langile kopurua nahikoa den gaur egun dugun HAZrako: hiru bulego dituzten arreta beharrak eta hartu beharreko administrazio karga guztia.
Eta langileei buruz ere hitz egin behar dugu. Baldintza egokiak behar dituzte kalitatezko zerbitzu publikoa eman ahal izateko. Ezin dugu uneoro leporaino dagoen langileekin osatutako zerbitzua mantendu eta hura normaltasunez funtzionatuko duela pentsatu”.
María Solarren iritziz, “arreta presentzialak garrantzia du. Mundu guztiak ezin ditu bere izapideak Internet bidez egin. Pertsona askok udaletxera joan behar dute, arreta jaso, zalantzak argitu eta kudeaketak egiteko laguntza eduki. Horregatik, zerbitzua zaindu behar da, baina baita hori posible egiten duten langileak ere”.
“Barakaldok irtenbideak behar ditu. Hiru bulegoko errealitatera langile-zerrenda egokituko duen soluzio bat, bajak eta hutsuneak bulego bat ixtea saihestuko duena, edota herritarren lekualdatzeak ekidingo duena”.
Azkenik, zinegotzi subiranista eta ezkertiarrak adierazi duenez, “Udalaren betebeharra da bere zerbitzu publikoak modu egokian mantentzea eta normaltasunez eman ahal izatea bermatzea. HAZa udaletxerako sarbidea delako herritarrentzat. Eta ate horrek irekita egon behar du, funtzionatu behar du eta horretarako behar diren baliabideak izan behar ditu. Ez dugu berriro salatu nahi hilabete batzuk barru beste bulego bat itxi behar izan dela. Hori berriro gerta ez dadin beharrezko neurriak hartzea nahi dugu orain. Horregatik, egoera hori gaurko Osoko Bilkurara eramango dugu, eta Gobernu Taldeari eskatuko diogu egoera behingoz konpontzeko ”.