Joan den uztailean, Barakaldoko Udalak Ongizate Emozionalerako eta Suizidioaren Prebentziorako I Tokiko Plana 2026-2029 onartu zuen. Plan horrek, besteak beste, egun berezietan kanpaina espezifikoak martxan jartzea proposatzen du, Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Egunean, kasu.
Atzo, irailaren 10ean, Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Eguna ospatu zen hain zuzen; eta Barakaldok ez zuen bere Planean bertan jasota dagoen kanpaina espezifikoa martxan jarri.
Urteetan prebentziorako politikak eskatu ondoren, eta behingoz Udalak plan bat onartu duenean, aurrekontu bat izanda, honen arlo arduradun bat egonda eta sentsibilizaziorako data esanguratsuenetako bat hurbildu denean, ulergaitza iruditzen zaigu bere dokumentu propioan agindutakoa bete ez izana. Gainera, ez gara mintzatzen ari etorkizuneko promesa baten edota urteetako garapena behar duen ekintza baten inguruan. Suizidioaren prebentzioari zuzendutako nazioarteko data bati lotutako sentsibilizazio-ekintza batez ari gara.
Pasa den urtean, Barakaldoko Udalak berak egun honen garrantzia aitortzen zuen, eta publikoki batu zen Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Egunera. Horrekin batera, arazo honek Euskadin hartzen duen dimentsioaz ohartarazi zuen: bi egunetik behin bere buruaz beste eginda galdutako bizitza.
Horregatik, bereziki kezkagarria iruditzen zaigu urtebete beranduago, eta behin Tokiko Plan bat onartu denean, udal-erantzuna axolagabetasuna eta jardun-eza izatea. Planak ezin baitira apalategietan gordetzeko dokumentu bihurtu, ezta marketing-eragiketa izan. EH Bilduk behin baino gehiagotan politika egiteko modu hau salatu dugu, zeinak planak iragartzean, publizitatea egitean eta zalapartaka aritzean esfortzu gehiago inbertitzen duen, hauek garatu eta betetzean baino.
Planak ez baitira egiten aurkezpenak egiteko, hauek betearazteko baizik.