Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiaren agenda Ezkerraldetik igaro zen atzo. Goizean, EH Bilduko zinegotziekin bildu zen, eta hauek Iriarteri euren udalerrien egoera azaldu zioten. Iriartek zinegotziekin izandako bileraren ostean adierazi zuenez, Ezkerraldeko egoera EAJk eta PSEk egindako kudeaketa eredu baten ondorio da: "biziberritze industriala deitu zutena, desmantelamendua izan zen". Era berean, Ezkerraldeak erantzunak behar dituela bizi-proiektu duinak aurrera eraman ahal izateko adirazi zuen Iriartek: “EH Bildu prest dago eta ideiak ditu herri hobea lortzeko, bizi-proiektu horiek gauzagarriak bihurtzeko".
Topaketa honen ostean, apirilaren 5erako ere hautagaia den Iker Casanova eta Maria Solar, Barakaldoko Udal Taldeko bozeramaile subiranistarekin batera, Ezkerraldenda Ezkerraldeko merkatarien elkarteko ordezkariekin, eta ACE Barakaldoko merkatarien elkarteko arduradunekin bildu da Maddalen Iriarte. Bilera horretan Ezkerraldeko tokiko merkataritzaren "egoera kritikoa" jorratu dute, eskualdea "EAJk eta PSEk bultzatutako merkatalgune handietarako alfonbra gorrien politiken biktima" izan baita.
Arratsaldean, lehendakaritzarako hautagaia Sestaora joan zen, eta han, Mikel Izquierdo udalerriko EH Bilduko bozeramailearekin batera, Galindoko araztegian eta Txabarri auzoan egon da, bertako beharrak aditzen. Ostean, bilera bat izan zuten Sestaoko hainbat lantegietako langileekin eta enpresa-batzordeetako ordezkariekin, hala nola ITP, La Naval eta Productos Tubulares.
Jardunaldia Sestaoko musika eskolan egin zen ekitaldi publiko batekin amaitu zen. Bertan Maddalenek gaurkotasun politikoaz eta apirilaren 5eko hauteskundeez hitz egin zuen, baita estatus politikoaz eta gai honetan alderdi bakoitzaren posizionamenduaz ere.