AKTUALITATEA


| 2025-07-02 09:12:00
  • Belit Solarrek argiztapena konpontzea eta ordutegiak egokitzea eskatu du, bizilagunen eskaerei erantzuteko.
  • Era berean, zinegotzi subiranista eta ezkertiarrak hura estaltzeko azterlan bat egiteko eskatu dio Gobernu Taldeari.

EH Bilduk formalki eskatu dio Barakaldoko Gobernu Taldeari Errekatxoko frontoian egin beharreko konponketak has ditzala, eta honek izan ditzakeen kirol eta gizarte funtzioak suspertzeko frontoiaren estaltzeko aukera azter dezatela.

Belit Solar zinegotziak adierazi duenez, “frontoia ez da soilik kirol gune bat. Frontoia espazio soziala ere bada, herri gisa identifikatzen gaituen ondasun historiko kulturala, eta bere adierazpen guztietan babestu eta sustatu behar duguna”.

“Errekatxo auzoko biztanleria hazi da azken hamarkadan, eta gero eta kirol-, kultura- eta gizarte-jarduera gehiago ditu. Ildo horretan, Errekatxoko bizilagunek behin eta berriz esan digute argiztapenaren ordutegiarekin arazoak izaten direla maiz, eta gaur egun frontoiko argiek konponketa eta mantentze lanak behar dituztela. Gainera, bizilagunen eskaera da aisialdirako espazio estaliak izatea, urte osoan aprobetxatu ahal izateko”.

Horregatik guztiagatik, Solarrek adierazi duenez, “proposamen formal bat egin diogu Gobernu Taldeari, instalazio elektrikoa konpondu eta argiaren kudeaketa Errekatxoko bizilagunen zerbitzura jar dadin. Eta ildo beretik, frontoia bera estaltzeko azterlan bat egiteko proposamena egin da. Izan ere, Errekatxoko frontoia estaltzeak kirol espazio soil bat urte osoan zehar erabiltzeko diziplina anitzeko espazio bihurtzea ahalbidetuko du. 300m2 baino gehiagoko espazio bat bizilagunen eskura jarriz, adibidez, pala edo frontenisean jokatzeko, euskal dantzak entseatzeko, herri kirolak praktikatzeko, kontzertuez edo herri bazkariez gozatzeko... baldintza klimatikoen mende egon gabe, eta, horrela, espazio publiko horri azpiegitura hobeak emanez auzoko elkarteek egindako jarduerak garatzeko eta gozatzeko”.